Euskaraldia

Euskarak batzen gaituelako kalea hartu dugu!

Erabiltzailearen aurpegia Berbaizu Euskara Elkartea 2020ko abe. 4a, 20:52

Gaur Deustuko kaleak bete ditugu, euskararen normalizazio-prozesuan hainbat eta hainbat kontuk larritzen gaituztelako eta, aldi berean, gurean, Deustualdean, arigune handi bat sortzen ari garelako. Euskaraldian, 2000 ahobizi eta belarriprest gara aurton, 50 entitate eta 350 arigune osatu ditugu. Zorionak!

Ez da erraza izan, Pello Jauregik dioen bezala: “euskaraz hitz egin nahi dugunoi errealitateak eskatzen digulako deserosotasun kuota bat gure gain hartzea”. Egoera are deserosoagoa izan da pandemiagatik, gure bidelagunen egoera zaurgarria erakutsi digulako: euskarazko sortzailerik, aisialdi-talderik, merkataririk edota ostalaririk gabe, euskarak plaza gutxiago dituelako, leku gutxiagotan dagoelako eta gutxiagorekin darabilgulako. Euskara bizirik dago hautua egiten dugunon esfortzuari esker eta modurik onenean eraman dugu egoera berri honetan, horregatik ere, zorionak, Deustu!


Euskararen bizitzeko esfortzua ez da batzuetan erosoa, baina egoera honetara heldu gara gure aitite-amamek transmisioa bermatu zigutelako, gure gurasoek ezagutza eta guri dagokigu erabilera zabaltzea. Horretarako ere bidelagunak behar ditugu, instituzioak, adibidez. Euskaraldian euren rola betetzera mugatu dira eta elkarlan moduko bat osatu dugu. Horixe bera eskatzen diegu urte osoan zehar, beraz ariketaren balorazioa ezin da beste behin ere gure bizkar geratu. Elkarlana beste proiektuetara ere zabaldu eta indartu nahi dugu: ikastetxeak arnasgune bihurtzeko, kirol taldeak arigune izateko, baita itxialdian euskara maila apaldu duten ikasleei laguntzeko ere. Euskarak ez ditu 15 egun, beraz, elkarlanak ere ez; euskarak ez du proiektu bat bakarrik, beraz, elkarlanak ere ez. Horregatik, gure lana duintzea eta baliabideetan aitortzea eskatzen dizuegu, Euskal Herriko hainbat herritan egiten den modura. Ez da normala Bilbon zabalpen handiena duen euskarazko aldizkaria, Prest!, harpidedunei sarri askotan diru eske ibiltzea, dirulaguntzen atzerapenak eragindako likidezia arazoei aurre egiteko. Ez da normala Bilboko euskara elkarterik dinamikoenetako bat euskara sustatzeko dirulaguntzetan beste motako elkarteekin baldintza berberetan lehiatzea.

Euskara ia debalde sustatzen ari gara eta horrela ezin da normalizaziorako partida ondo prestatu. Are gehiago esango dizuegu, gaur egun prekarioak izatera kondenatuta gaude eta diru-iturri propioen faltak instituzioen menpekoak izatera kondenatzen gaitu. Horregatik, zuek denak behar zaituztegu; Berbaizuk bazkideak eta militanteak behar ditu, Prest!ek harpidedunak behar ditu; euskararen normalizazioan bidelagun izango direnak, autonomoagoak izaten lagunduko digutenak. Hori da errealitatea eta horregatik iaz gogoeta prozesua egin genuen; hamarkada berriari ondo heldu nahi diogulako. Euskaltzaleok batu egin behar dugu behingoz eta elkarteak ahaleginak eta bi egingo ditu hori lortzeko! Horregatik, inor ez dago plaza honetan soberan, Bihotz Alai, Mikeldi, Ondalan eta Goierri dantza taldeak; Elorri, Patxadaz, Oinutsik edota Orbelak, zergatik ez dugu euskarazko kultura plazara ateratzen asteburu batean? Zergatik ez antolatu Euskal Jai bat beste herrietan egiten den bezala? Plazak ez zaizkigu faltako: kaleez gain, Errondoko auzo etxea, Gazte lokala, Bizinahi edo Kabia ditugu-eta. Egunsentia, Txepetx, Gazte Alai, erabilera gure erronka bada eta konfinamenduak kalte egin badio ume eta nerabe askoren euskara-mailari, zergatik ez batu euskararen erabilera sustatuko duen egitasmo batean? Arranopola, Matxingorri, Tintigorri konpartsa; Gure esku dago; Jai batzordeak, Talde feministak; zergatik ez osatu euskararen erabilera sustatzeko mahaiak, ikastetxeekin egiten dugun modura? Zergatik ez merkataritzan, Deustu Bizirik? Gu antolatzeko prest gaude, argi daukagulako normalizazio-prozesuan aitzindariak izan behar garela plaza honetan bildu garenok; euskararen alde batu behar garela. Guk denok egiten dugu herri hau euskaldunagoa, ohartu gaitezen behingoz: Euskarak batzen gaitu.


Beraz, hauxe da gure mezua labur-labur: instituzioek euskararen normalizazio-prozesuan gure eskubideak bermatu, sustatu eta gizartean trakzio-lanak egin behar dituzue, ezagutzatik erabilerara salto egin dezagun, eta gure lana duindu eta baliabideetan aitortu ere bai. Zuek, herritarrok, gazteok batez ere, hamarkada honetan Berbaizuren trenera igo zaitezte! Berbaizuk normalizazio-prozesu honetan elkartu behar gaitu, denok lekua baitaukagu elkartean. Euskararen erabilerak gora egin behar du gazteengandik helduenganaino. Euskarak, euskarazko kulturak eta aisialdiak plaza hartu behar dute Deustu euskaldunagoa izan dadin! Euskaraldia ez da bukatzen, Euskaraldia entrenamendu bat izan da normalizazioaren partida prestatzeko.