Bermeon III. Salome Campos itsas zeharkaldia egingo da irailaren 5ean, zapatuan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 4a, 00:00

Bermeon III. Salome Campos itsas zeharkaldia egingo da irailaren 5ean, zapatuan, herriko portuaren eta Izaro ugartearen artean. Parte-hartzaileek 5.000 metroko distantzia egingo dabe uger. Horrezaz gan, 1.500 metroko froga bat egongo da eta 500 metroko beste bat umeen kategoriari zuzenduta. Guztietan 451 partaide izango dira, igaz baino 181 parte-hartzaile gehiago.

Salome Campos zeharkaldiaren hirugarren edizinoa aurkeztu dabe Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta Aintzi Laburuk, Camposeko Marketing zuzendariak. Azpimarratu dabenez, herriko jai bezperetan egingo dan kirol ekitaldi hau ikusgarria izango da, izan be, gaur egun itsas handian antolatzen diran era honetako lehiaketa arrakastatsuetan normalean egiten dan distantzia baino askoz handiagoa izango da zeharkaldi honetakoa.
 
Antolatzaileek adierazo dabenez, aurten parte-hartzaile kopuruak gora egin dau nabarmen eta hori poztekoa da; ganera emakumeen parte-hartzea be asko handitu dala nabarmendu dabe. Horrezaz gan, poztekoa da aurten 25 bermeotar parte-hartzaile izango dirala gaineratu dabe.

Esangura horretan, igaz 5.000 metroko itsas zeharkaldian, hau da, portua eta Izaro ugartearen arteko zeharkaldian, 200 persona inguruk parte hartu eben eta aurten 255 izango dira parte-hartzaileak, % 15a neskak. Aurten zortzi bermeotar izango doguz, pena bermeotar emakumerik ez egotea froga honetan, ganera kontuan hartuta Salome Campos itsas zeharkaldiak emakume bermeotar bat omentzen dauela, baina, seguru nago lortuko dogula emakume bermeotarren parte-hartzea, adierazo dau Laburuk.

1.500 metroko ekitaldian, igaz 58 parte-hartzaile izan ziran eta aurten, barriz, 151 izango dira, horreetatik % 36 neskak, tartean sei emakume bermeotar, hain zuzen be. Zazpi gizon bermeotar be izango dira 1.500 metroko ekinaldian. Umeei zuzendutako zeharkaldiari jagokonez, 2014an 12 izan ziran eta aurten 45 izango dira, % 48 neskak. Bermeotarrak hiru neska eta mutil bat izango dira.

Laburuk beteranoen kategoriakoen parte-hartze garrantzitsua be azpimarratu dau, izan be, 14 persona izango dira 1957 urtean edo arinago jaiotakoak. Horreetatik 10 gizonek 5.000 metroko zeharkaldia egiteko izena emon dabe, beste hiruk 1.500 metrokoan parte hartuko dabe eta, beteranoen kategoriko emakume bakarrak, 1948. urtean jaiotakoak, 1.500 metroko zeharkaldian parte hartuko dau. Bitxikeria legez, Zeharkaldian parte hartuko daben guztien artean, personarik nagusiena Iparraldetik datorren gizon bat da, 1943. urtean jaiotakoa, gaineratu dau.

Beraz, datuak oso positiboak dirala adierazo dabe. Euren esanetan, Bermeoko III. Salome Campos itsas zeharkaldiaren helburua da itsas handiko zeharkaldietan udako egutegian finkatzea eta erreferentzia izatea. Joan dan urtean lez, irabazleek, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, beren pisua konserbako hegaluzetan irabaziko dabe.
 
Bermeoko alkateak adierazo dauenez, Bermeoko herriak harro hartzen dau III. Salome Campos zeharkaldia, eta ganera pozgarria da kirol ekimen honek urtetik urtera arrakasta handiagoa lortzea eta emakumeen parte-hartzea be gero eta handiagoa izatea, kontuan hartuta Salome Campos emakume bermeotarra omendu nahi dala, orain dala mende bat baino gehiago berak portutik Izaroraino uger egin ebalako. Beraz, persona guztiei konbita egin gura deutset Bermeora hurreratu eta kirol eta jai giro ederragaz gozau deien, nabarmendu dau.

Ekimen honek Bermeoko Udalaren laguntzinoa dauka eta segurtasunaz Gurutze Gorria eta Bermeoko Herri Babesa arduratuko dira

Osorik irakurri