Aste Nagusia 2016

Fernando Iraeta: "Osteguneko poteo korala Matsorriekin!"

Erabiltzailearen aurpegia Fernando Iraeta 2016ko abu. 20a, 13:14

Aste Nagusiko unerik… bereziena? hunkigarriena? ahaztezinena? Ez da erraza bat aukeratzea. Aurten ere zortziehun ekitalditik gora omen dauzkagu Mari Jaiaren bueltan gozatzeko. Haur, gazte, heldu, adindun… neska, mutil… guztientzako.  Kuadrilan edo  bikotearekin ongi pasatzeko.

Hasteko, jaien eredua aipatuko nuke. Duela hogeita hamar urte "kuadrila" batek martxan jarri zuen proiektu berrizale eta parte-hartzailea: Konpartsak, txosnak…  Urte guzti hauetan gorabeherak, desadostasunak eta gatazka egoerak izan badira ere, Bilboko jaiak gero eta finkatuagoak eta  indartsuagoak bizi ditugu.

Gustoko ditut Santiago plazako bertsolarien saioak, ondorengo aperitifa, Enkarnazio elizako kontzertuak, su artifizialak, Plaza Barriko gaueko kontzertuak… antzerkiren bat ikustea… Maddi bilobarekin barraketara joatea…

Baina bat aukeratzekotan, urtero, ostegunean, Garaizarko Matsorriak abesbatzarekin burutzen dugun poteo korala aipatuko nuke: eguerdian hasi, lagunarteko bazkaria segidan eta atsedenik gabe eta indarrak irauten duten arteraino abesten jarraitzea.