URIOLA Laguntzaileak

Uriolari

Erabiltzailearen aurpegia Galder Perez 2017ko mar. 28a, 15:00

Askotan non bizi garen ere ez dakigu. Hortaz, nola bizi garen jakitea are zailagoa da. Gero eta harrikada gehiago, eta gero eta kolore gutxiago ditugu inguruan. Denak berdintsu dirudi eta paradoxa da komunikazio(ar)en aroa deitu zaio honetan halaxe gertatzea. 

Gero eta homogenoagoa da dena. Harri handi bat. Gure gainean eror daitekeen fikziozko harri erraldoiaren azpian bizi gara. Goxoki antzera eskaintzen diguten oro, eta guk birritan pentsatu gabe irensten dugun hori, arnasa galarazten digu; harriak jatea ez da sekula osansungarria izan, ezta iturriko urez lagunduta ere. Gure iturriak ez direlako, alegiazkoak bezala, ardoa, sagardoa, txakolina eta kalimotxoa ematen dutenak. Kolore bereko likidoa ematen digute soilik, ez ura, marroi antzekoa baizik, Coca cola–rena adibidez. Marroia. 

Ustez komunikabideak informazio iturri dira. Baina harri handi baten interes beretsuek jaurtitako komunikabideek isuritako albisteek homogeneizazio latz batera jotzen dute. Zapaltzen ditugun harriak labankor bihurtzen dituzte, ezer zapaldu barik zerbaiten gainean hegan gabiltzala sentiarazten digutelarik. Beti ere gainera eroriko zaigun harri handi horren mehatxupean, jakina. 

Tokiko komunikabideak egunero zapaltzen ditugun harrien gainean eraikitakoak dira. Eta gaur, eta bertan, bizi gara eta bizitzen jarraitu nahi dugu, kolorez margotutako harrizko bide askotan galtzeko. Harriek gu zapaldu aurretik gure herri eta kaleetan, gure hizkuntzan berba eginez, eta irakurriz, eta entzunez, bidean joateko aukera ez dezagun galdu. Euskarazko eta bertako herri komunikabideak babestea, harrikada badirudi ere, jaso nahi ez dugu harri handi horren arrisku hori ekiditeko bidea da. 

 

[Saretu, babestu, indartu! Izan zaitez URIOA Laguntzaile!]