Gure Esku Dago dinamika herritarrak badu erreferentziarako lokala Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Gure Esku Dago DEUSTU 2015ko api. 22a, 16:12

Atzo arratsaldez zabaldu zituen ateak Bizkaiko lokalak, Bilboko Buenos Aires kaleko 13. zenbakian. Ekitaldi apala izan bazen ere hainbat pertsona hurbildu zen bertatik bertara ezagutzeko. Iazko giza katea oroitzen dituen argazki eta bestelakoetaz gain, dinamika herritarraren nondik norakoak sakonago ezagutzen laguntzen duten hainbat euskarri topa daitezke bertan.

Bestetik aurtengorako asmoen berri izateko hainbat informazio panel ere ikusi ahal izan genituen, hala nola, ekainaren 21erako aurreikusten diren ekimen ezberdinak: goizean zehar Bilbo hartuko duen Zubi Katea edo San Mames lepoz betetzeko ekitaldia.

Hori guzti hori, aurtengorako sortu diren kamiseta eta material ezberdinen eskaintzaren erakustokiekin batera.

Ezagutzeko aukera, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara eskaintzen duen ordutegia baliatuz daukazu. Zure esku dago! Erabakia ehuntzen lagundu!

Ehuntze egunak

Ekainaren 21ean oihalez oihal jositako hautetsontzi erraldoiak erakutsiko dira Euskal Herriko bost hiriburuetan. Horiek prestatzen joateko hitzordu ezberdinak deitu dira auzoetan.

Apirilaren 25ean, larunbata, 12:00etatik aurrera, Alde Zaharreko lagunek erabakitzeko eskubidearen aldeko ehuntze eguna egingo dute Unamuno plazan.

Zorrotzan ere egun berean izango da baina egun osoko egitarauarekin: 

- 10:30. Altamiratik kalejira animatua.

- 11:00. Zorrotza FEVEn gehitzen da.

- 11:30. Haur jolasak.

- 12:00. Sinatu eta jos ezazu zure ohiala!

- 15:00. 10 euroren truke bazkari herrikoia (indabak). Albokan eman behar da izena.

- 17:00. Bertso saioa.

- 18:30. Txinbatukada + musika.

Egun osoan zehar, mahai informatiboa, barra, musika, materiala eta atxikimenduak emateko aukera egongo dira besteak beste.

Deustun hilak 24, ostirala, ohialak apaintzeari ekingo diote Done Petrin 17:30ean; Arangoitin bi egun egongo dira, apirilak 25ean, 12:00etan eta maiatzaren 20an, igandea, 12:00etan ere; eta Erriberan hilaren 26an, igandea, 13:00ean.