Begoña, 1896 urtean ikusita

begoxxmendearenhasieran.jpg: Begoñako eliza eta, alboan, Begoñako Udaletxea, XX. mendearen hasieran

Begoñako herriaren deskribapena dakar Luis Larrañagak 1896an argitaratu zuen Bilbo eta inguruetako gidaliburuan. Argazki gutxi batzuk ere badira tarteka-marteka bisitariari Begoña, Bilbo eta Bizkaiko beste herri batzuk zertan diren azaltzen dion bitartean.

‘El Libro de Bilbao y sus cercanías. Guía artístico-comercial’ zeukan izenburu eta Luis Larrañagak kaleratu zuen 1896. urtean. Aurreko hiru urteetan ere izen bateko gidaliburuak argitaratu zituen. Bertan Bilboren deskribapen zehatza zekarren, zerbitzu, garraio eta jarduera askoren berri xehe-xehea emanda. Tarteka argazkiak ere bazituen. Eta publizitatea, jakina, hori izango baitzen diru iturri nagusia, Bilbo aldeko enpresek ordaindutako iragarkiak alegia.

Izan, liburu mardula ziren haiek, berrehun orrialdetik gora. Bilboko kontuekin amaitu eta, laburrago izan arren,  albo-herrienak ere haizatu zituen egileak, baita Bizkaiko beste batzuen deskribapenak erantsi ere. Albo-herrietan lehenengo Begoña jorratu zuen eta, aurrerago, Deustua.

1896an Begoñaren gainean jakingarri politak eskaini zituen. Garai hartan herriak 2.637 bizilagun zeuzkan, baina kontuan eduki behar da 26 urte arinago, 1870ean alegia, galdu zituela, Bilboren mesederako, Atxuri, Solokoetxe eta Campo Volantin aldea, besteak beste. Berez, herri handiagoa eta populatuagoa zen Begoña.

Larrañagaren gidaliburuko argazki honetan Campo Volantin ageri da.

1896an neskatilentzako eskola bi zituen herriak eta beste bi mutilentzat, seguruenez bina Uribarrin eta Boluetan. Hala ere, 1870eko anexioarekin beste bi galdu zituen, Atxurikoak eta Kristo aldekoak alegia.

Begoñako industria ere aipatu zuen liburuak, “garrantzitsua delako, denetan lehena izanik Boluetako Santa Ana izena duen burdin lantegia, Bizkaiko labe garaietan zaharrena”. Horrez gain, gantzak urtzeko fabrikak zeuzkaten Olivares eta konpainiak (Uribarri aldean) eta Andres Agirrezabal oñatiarrak, adreilu lantegia Remigio Iriondok, baldosa txikiak egiten zituen Aristegi eta konpainiak eta Jose Lazurtegik bi ei zeuzkan: irin-fabrika eta abarketak egiteko kordelenak. Ezin ahaztu, jakina, Tabako lantegia ere “Begoñako lurretan dagoela”. Zerrendatik kanpo laga zuten, ostera, Begoñak eduki duen lantegirik handiena, Etxebarria anaiena (untzeak egiteko fabrika), fabrika Bilbok 1870ean bereganatu zuen eremuan zegoelako. Beste horrenbeste esan genezake Larreagaburu aldeko burdin meatze ospetsuez.

Lantegiak egonda be, “elizateko herritar ia guztiak nekazaritzan egiten dute behar, batez be mahastietan. Mahats horien emaitzaz egiten dute txakolin beltz eta zuri ospetsuak”.

Eliza kontuak

Eta deskribapena amaitzeko, elizen berri eman zuen Larrañagak. Batetik, herriko komentuak. Jakina denez, lehenengo gerra karlistaren ostean Espainiako Gobernuak ezarri zuen desamortizazioaren ondorioz monasterioak eta komentuak nabarmen murriztu zituzten, haietako asko herri ondasuntzat jo eta gutxi batzuen mesederako salgai paratu zituzten eta. 1850eko hamarkadan, ordea, joera aldatu eta ordena erlijiotsuek berriz ekin zioten zabalkundeari. 1857an Abandoko Santa Klarakoek baimena lortu zuten Begoñako etxalde batean bizi ahal izateko. Geroago komentua eratu zuten. Sasoi hartantxe altxatu zituzten Santa Monikakoa (1860, gaur egun zutunik dirauen bakarra) eta Refugio esan izan zaiona (Nuestra Señora de la Caridad del Refugio, 1858). Gerotxoago, Adoratricesena eratu zuten. Horiek denak Zabalbide inguruan zeuden. Azkenik, Larrañagak moja karmeldar oinutsen komunitatea aipatu zuen. Sasoi hartan Uribarri aldean zeukan egoitza. Ez du aipatzen, ostera, gizonezkoen komenturik eta artean bazegoen gutxienez bat eta nahikoa ospetsua: Begoñako Karmelo.

Azkenik, zelan ez, Begoñako eliza hartu zuen hizpide Larrañagak, luze eta zabal. Tenpluaren historiari errepasoa eman ondoren eta karlistadetan galdutako ondare artistikoa deitoratu eta gero, erromeria jendetsuak aitatu zituen, bereziki 1880ko irailean “50.000en bat lagun batu zituztenak” eta abuztuaren 15ekoa, “itsasgizonen zaindari den irudi maitagarriaren omenezko erromerietan ospetsuenetakoa”.