Maria Aizpuru, lehenengo emakume abertzale presoa

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2015ko mai. 13a, 09:05

Abertzaletasuna eta espetxea, zoritxarrez, oso lotuta egon dira, hasiera-hasieratik gaur arte. Abertzale asko giltzapetu ditu Espainiako estatuak 1895ez geroztik. Guztiok daukagu buruan nor izan zen arrazoi politikoen ondorioz espetxeratu zuten lehenengo gizon abertzalea. Baina lehenengo emakumea?

Ez dugu historia liburu handietan aurkitu. Ez du ez kalerik, ez oroigarririk. Baina bera izan zen lehenengoa. Zoritxarrez, harrez gero beste asko etorri dira. Begoñako Maria Aizpuru Urkaregi dakargu hizpide, arrazoi politikoak direla medio espetxeratu zuten lehenengo emakume abertzalea izan zelako. 1919ko abuztuan gertatu zen.

Maria Aizpuru Urkaregi Begoñan jaio zen 1897an. Aita Ignazio; ama, berriz, Dominika. Famatu zuen pasartea hogeita bi urte geroago gertatu zen, 1919ko abuztuaren 16an. San Roke eguna izanik, izen bateko ermitara joan zen, erromeriara, Artxandara. Iluntzean, etxerako bidean datorrela, kantu eta deiadar abertzaleak egin zituen. Salaketaren arabera, Gora Euskadi Askatuta! egin zuen aldarri; bere defentsaren arabera, 'Gora Euzkadi, Gora Sabino Arana Goiri' abestitxoa kantatu zuen. Begoñako foruzainek (minoiek) entzun eta salatu egin zuten. Begoñako Ramon Goikoetxea udal epaileak Bilboko instrukzio epaileari bidali zion auzia, eta hark hilaren 18an giltzapetu zuen begoñar gaztea, matxinada delitua ("delito de rebelión") leporatuta.

Maria Aizpuru Larrinagako espetxean sartu zuten. Hurrengo domekan, abuztuaren 24an, haren kasuaren berri eman zuen Euzkadi egunkari jeltzaleak. 'Hasta donde llegan' eta 'La primera víctima femenina de la persecución' izenburuak jarri zituzten lehenengo orrialdean, neskatilaren argazki baten azpian. Ondo hauspotu zuten kasua eta Maria Aizpuru oso ezaguna egin zen. Erregimenaren aldekoek biktimismo egitea leporatu zieten jeltzaleei. Abertzaleek, ostera, Maria Aizpuru laguntzeko dirua batzeari ekin zioten.

Egun gutxi batzuk besterik ez zuen egin Aizpuruk giltzapean (irailean askatu zuten), baina haren kasuak zirrara eragin zuen eta euskal jendarteko sektore zabalak astindu zituen. Politika kontuak zirela medio emakumea preso sartzea ez zen batere normala. Garai hartan mugimendu jeltzalea zatiturik zegoen (autonomistak eta independentistak) baina 1919 urte hartan errepresioa gero eta gogorragoa zen. Hamaika preso zeuden, batez ere gazte independentistak. Kinka hartan, Maria Aizpuru ikur bilakatu zen.

 

Presoei omenaldia Begoñan

Urriaren 5ean Euzko Gaztedik (gazte jeltzaleek) lokala ireki zuten Begoñan. Bazkarian ia laurehun lagun batu ziren. Ekitaldia presoak omentzeko baliatu zuten. Erdiko mahaiaren inguruan preso egondako abertzaleak eseri ziren, tartean zela Begoñako Euzko Gaztediko lehendakaria, Esteban Isusi. Gonbidatu zuten arren, Maria Aizpurua ez zen azaldu bazkarira, osasunez makal zegoen eta. Baina arratsaldean, mitina egiten zuten bitartean, Esteban Isusi berbetan zegoenean, aretoan sartu zen aita eta nebak alboan zituela. Txalo zaparrada beroa eskaini zioten. Kiku laburra egin ondoren, alboko gela batera igaro zen. Bertara lagun asko joan zitzaizkion agurtzera.

Maria Aizpururi egindakoak lorratz sakona laga zuen, baina ez zuen emakumea politikagintzan aritzeko joera erauzi. 1920ko martxoaren 27an Euzkadi egunkarira Zestoako euskarazko kronikak bidaltzen zituen emakumeak -Txori txiki bat ezizenaz sinatzen zuen- xalo-xalo aitortu zuen bere jarduerak eragiten zion ikara: “ni bildur aundiakin asi nintzan lan ontan, nola artian emakumiak idatzi etzuten izparringi onetan, nik uste nuan esango zidatela lotsagabia edo beste pikardi batzuek, bada guk abertzaliak bildur aundiakin ibili biar degu; badakizute Mari Aizpuru'ri ere zer egin zioten, bada nik zenbait aldiz nere buruan igaro det ori, neuri ere orlakoxen bat egingo ote didaten”. Beldurra bai, baina poza be bai: artean emakume bakarra zen euskal atalean idazten eta egun haietan Libe eta Loretxo ere hasi ziren, Errenteriatik eta Azkoititik. “Emendik aurrera bildur gutxiagokin idatziko det, eta gure bidean besten batzuk ere asiko dirala uste det”, iragarri zuen. Asmatu ere egin zuen.