Begoñako tranbian tiroka (1916)

Ez da erraza azaltzen 1916ko urriaren 16ko arratsaldeko ordu bietan Begoñako tranbia Dolaretxetik elizarako tartean ikusi zutenen harridura. Tranbiatik jaisteko nasan gizon bi auskan ziharduten, elkarri oratuta. Tiro hotsak entzun ziren baina borrokan segitu zuten, harik eta gizonetako bat tranbiatik jausi zen arte. Ernesto Bengoa zen, diputatu errepublikazalea. Tranbian gelditu zenak, ostera, Carlos Oruek, Begoñako alkatea izandakoak, bala zauri bi zeuzkan soinean.

Carlos Orue 1903 urte inguruko argazki batean.

 

Ordu biak laurden gutxitan abiatu zen tranbia hura Bilbotik, sasoi hartan Institutu plaza esaten zioten lekutik (gaur Unamuno plaza dauka izen ofiziala), Begoñarantz. Ernesto Bengoa bigarren mailako bagoian eseri zen eta beste horrenbeste egin zuen Carlos Oruek, normalean lehenengo klaseko unitatean joaten bazen ere. Aldatsean gora egin ahala, bidaiariak jaitsi ziren. Dolaretxe parean gazte bat irten zenean, tranbian bezero bi baino ez zeuden: Orue eta Bengoa. Haiekin batera, aurrealdean Manuel Carballo gidaria eta Jose Eskauriatza Begoñako txinelen kaboa; eta atzealdean, Isidoro Gonzalez kobratzailea.

Tranbia kanposantuko hormaren ondotik Begoñako elizarako aldatsa igotzean, Orue altxatu zen, jaisteko asmoz. Bere etxea gaur egun Itsasoko Gizarte Institutuaren egoitzarako erabiltzen den txalet dotorea zen, eta hurrean zegoenean tranbiatik jaisteko ohitura zeukan, geltokira ailega orduko. Orue Bengoaren paretik igaro eta zer edozer esan zion, iraingarria antza denez. Jarraian, gizon biak borrokan hasi ziren. Kotxeko kristaletako bat apurtu zuten, elkarri oratu eta jotzen zioten bitartean.

Bengoaren bertsioaren arabera, Oruek atzetik helduta eduki zuen eta tranbiatik kanpora bota gura zuela pentsatu zuen. Kinka hartan, eskuin besoa askatu eta patrikeran zeukan pistola atera zuen. Hiru bider egin zion tiro Orueri, baina honek eutsi egin zion, baita pistola kendu ere. Azkenean Bengoa tranbiatik bialdu zuen.

Behin tranbia geldirik, Orue konturatu zen bularretik odola zeriola. Gizon bipila zen, ez da dudarik. Behargin bati honela esan zion: “Zoaz nire etxera eta esaiezu ez naizela joango bazkaltzera”. Eta Bilbora bueltatu zen, tranbia hartan bertan, Areilza doktorearen klinikara. Bala zauri bi aurkitu zizkioten, birikan bata, sabelean bestea. Hasieran larri-larri egon bazen ere, arin bizkortu eta sendatu zen.

 

Arerio politikoak

Juan Orue karlista eta integrista ezagunaren seme, Carlos Orue Begoñako alkatea zen 1899an (28 urte zeuzkala) eta harrez gero sarri hartu zuen herriko aginte makila hurrengo urteetan ere. 1903an, esate baterako, Begoñako prozesio iskanbilatsua egin zutenean, baita hamaika urte geroago ere, 1914an alegia. Legegizona ogibidez, elektrizitatearen negozioan zebilen sartuta. Politikan katolizismotik abiatuta, jeltzaleengana hurreratu zen eta garai hartako prentsan sarritan identifikatu zuten ideia abertzaleekin.

Ernesto Bengoa, ostera, diputatu errepublikazalea zen garai hartan. Indalecio Prietoren lagun handia, Bilboko “Jardines de los Campos Elíseos” klubaren eta beste jabego eta negozio batzuen ugazaba zen. Begoñan bizi zen, Orue bezala, txalet dotore batean.

1910eko hamarkadan Begoñan ezkerreko oposizioa eratzen hasi zen Udaleko politikari eta, bereziki, Orueri, kritika eginez. Bengoa agertu zen mugimendu haren buru. Jauntxokeriaren ordezkari petotzat jo zuten Orue eta haren jardunaren aurkako salaketak paratu zituzten auzitegietan. Giroa arin gaiztotu zen. Kinka hartan kontu asko tiroz garbitzen zituzten. 1915eko azaroko udal hauteskundeetan tentsioa lehertu zen. Jeltzaleak eta anexioaren aurkakoak nagusitu ziren, alegia, Orueren aldekoak, botoak erosi izanaren salaketen artean. Gutxienez begoñar bat balaz zauritu zuten egun hartan.

Hauteskundeen ostean, udal sosak baimen barik erabili izana leporatu zioten Bengoak eta enparauek Orueri eta, horren ondorioz auzipetu zutenean, 1916ko maiatzean, alkate kargua utzi behar izan zuen. Lau hilabete geroago gertatu zen tranbiako borrokaldia.

Egiari zor, Orue ez zen kikiltzen zen horietakoa. Berak ere salaketak jarri zituen haren arerioen aurka hauteskundeetako jarduna zela medio (1905, 1917). Eta gutxienez lau bider kondenatu zuten haren etsai politikoak jo izanagatik, besteak beste Ricardo Artetxe begoñarra (1912) eta Enrique Basauri Begoñako Santa Monika komentuko sakristaua (1915). Bengoak jarri zion kereila baten ondorioz Durangora erbesteratu behar izan zuen (1918). Odola bor-bor jartzen zitzaion alkate jaunari.

Tranbiako borrokaldiaren ostean, Bengoa preso hartu zuten, baina Orue sendatu zenean askatu zuten. Epaiketa 1920an egin zuten eta absolbituta atera zen. Carlos Orueren aurkako salaketa ere epaiketara heldu zen, baina hura ere errugabetu zuten udal diruak baimen barik erabili izanaz.