Gerardo Bilbao, futbolari, txapeldun eta erbesteratu politikoa (eta II)

Gerardo Bilbao (1907-1982) deustuarraren kirol ibilbidea jorratzen ari gara. Aurreko atalean gerra aurreko jarduna laburbildu genuen, Arenas eta, batez ere, Athleticen egindako balentriak. 1936ko kolpe militarrak zeharo aldatu zion bizitza.

Athleticen hamaikako honetan hamabi jokalari ageri dira. Crónicak kaleratu zuen 1936ko martxoan: Blasco (1), Zabala (2) Oceja (3), Zubieta (4), Mugertza (5), Roberto (6), Gorostiza (7), Iraragorri (8), Bata (9), Garate (10), Elices (11) eta Gerardo (12).

 

1936ko uztailaren 18ko matxinadaren ostean normaltasuna hautsi zen eta, besteak beste, kirol jarduna nabarmen murriztu zen, logikoa denez. Futbolari dagokionez, txapelketa nagusiak bertan behera gelditu ziren. Hala ere, partida batzuk jokatu ziren, batez be dirua batzeko asmoz. Horietako batzuetan aritu zen Gerardo Bilbao. Esate baterako Otxandioko bonbardaketaren biktimei laguntzeko 1936ko abuztuaren 23an Durangon jokatu zen norgehiagokan.

Une hartan gauzak ez zeuden argi eta Athleticek aurre-denboraldiko partida bi jokatu zituen Racingen aurka, haiek ere dirua batzeko asmoz. San Mameseko partiduan (irailak 6) bigarren zatian atera zen Gerardo. Partida haietako kroniketan nabarmena da futbol denboraldia jokatzeko itxaropena ez zegoela galduta. Handik gutxira, ostera, esperantza oro zapuztu zen: irailaren 13an Donostia jausi zen eta hilaren 25ean hegazkin faxistek Bilbo bonbardatu zuten. Argi geratu zen hura gerra zela eta ez zegoela kirol jarduerarik normaltasunez egiterik.

Hala ere, partida gehiago jokatu, jokatu ziren. Esate baterako, azaroaren 29an euskal selekzioak Kantabriakoaren aurka jokatu zuen Santanderren. Kroniken arabera, norgehiagoka aspergarria suertatu zen, eguraldi zitalaren laguntzaz. Hala ere, guretzat aipagarria da, Gerardok debutatu zuelako. Hona hemen egun hartako euskal hamaikakoa: Blasco, Areso, Aedo, Zilaurren, Markuleta, Ipiña, Gerardo, Iraragorri, Unamuno, Olivares eta Gorostiza.

Gabonetan beste partidu bat jokatu zuen Athleticek Racingen kontra, baina orduko hartan Gerardo ez zen aritu.

 

Euzkadi taldean bai, baina ez

1937ko apirileko lehenengo igandean euskal talde bik indarrak neurtu zituzten San Mamesen. Partidu hartako protagonista gehienak euskal borroka munduan zehar zabaltzeko asmoz eratu zen Euzkadi selekziorako hautatu zituzten. Apirilaren 18ko Euzkadi egunkariak deialdia argitaratu zuen: Blasco eta Eguzkitza atezainak, Ciriaco, Ahedo, Areso eta Pablito atzelariak, Zilaurren, Kuki Bienzobas, Mugertza, Soladrero, Zubieta eta Roberto erdilariak eta Gerardo Bilbao, Iraragorri, Langara, Larrinaga, Gorostiza, Sanchez Arana eta Unamuno aurrelariak. Albistearen alboan, kasualitatea, deustuar gudari baten eskela ere ageri zen: Luis Bertol Garrastazu, borrokan hilda. Haren anaia Robertok 1940ko hamarkadan jokatu zuen Athleticen.

Euzkadi taldeak Frantzian jokatu zituen lehenengo partiduak apirilaren amaieran. Selekziorako hautatu zuten arren, Gerardok ez zuen bertan ibilbiderik egiterik izan. Berak honela kontatu zuen gertatutakoa: “Santanderrera joan nintzen, Euzko Jaurlaritzaren aginduetara nengoelako; han nengoela esan zidaten euskal taldearekin joateko; baimena eman zidaten eta hegazkina hartu behar genuen egunean faxistek hegazkina eraitsi zuten; korreo frantsesa zen hura. Hurrengo korreoaren zain egon nintzen baina Laredotik atera zenean motorrean matxura eduki eta itsasora jausi zen”. Berarekin Kuki Bienzobas eta Victorio Unamuno zeuden, zain. Hirurak lurrean gelditu ziren.

Gerardo Bilbao zerbitzura itzuli zen. Haren izen-deitura berdineko pertsona batek Itxas-Guda Burutzan ziharduen sasoi hartan, bulegari lanetan. Bera ote? Errepublikazaleak Santanderretik erretiratu zirenean Gijónera jo zuen eta handik, ontziz, azken unean, Frantziara. Urriaren 20aren inguruan izan zen. Ondoren Kataluniara igaro zen. Han futbolera itzuli zen, bizimodua ateratzeko itxaropenaz. 1937ko azaroaren 28an Bartzelonarekin egin zuen debuta, baita gol bat lortu ere. Lliga Catalana jokatu zuen, 29 partida guztira. Kataluniako selekzioarekin ere partidu batean aritu zen, karabineroen Leones Rojos taldearen aurka. Berau dugu euskal selekzioarekin eta Kataluniarekin jokatu duen futbolari bakarra.

 

Venezuelara

Azkenean, faxismoaren garaipenaren ondorioz, Kataluniatik ere alde egin behar izan zuen. Ameriketara jo zuen. Lehenengo Dominikar Errepublikara eta handik, 1939ko abenduan, Curazaotik igarota, Venezuelara iritsi zen, euskal erbesteratu talde batekin. Han jarri zen bizitzen. 1940 eta 1950 bitartean bertako ligan jokatu zuen, Deportivo Venezuela, Loyola eta Deportivo Vasco taldeetan. Ikusmina piztu zuen, izen handiko jokalaria batu zelako futbola amateurra zen Venezuelako ligara.

Cumanán gelditu zen bizitzen, familiarekin. Caracasen hil zen 1982ko ekainaren 21ean. 1937ko apirilean Euskal Herritik alde egin zuen 30 urteko gizonak 45 urte egin zituen erbesteraturik.