Carlos Orue, ahotan gehien ibilitako alkatea (II)

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2017ko mar. 20a, 16:33

Bizimodu gorabeheratsua egin zuen Carlos Oruek. Jaso zuen jaso maitasuna eta babesa, baina baita herra, irain eta gorrotoa ere. Hartu bezala eman eta zabaldu bietatik egin zuen, baita jo inoiz ere. Haren bizitzaren pasadizoekin zazpi BERTON bete genitzake inor aspertu orduko. Gaur gutxi batzuk xehe-xehe kontatuko ditugu.

Aurkitu dugun auzirik zaharrena 1903koa da. Urte hartan istilu larriak gertatu ziren Begoñako Ama Birjinaren koronazio ekitaldian (urriaren 11n), ezkerreko alderdien boikot aktiboaren ondorioz. Orue herriko alkatea zen sasoi hartan. El Liberal egunkariak argitaratu zuen informazioaren arabera, elizaren ondoan fededun batek beste gizon bat labainaz zauritu nahi izan zuen “Viva la República” deiadar egin zuelako, baina miñoi bat armaz jabetu eta erasoa gelditu zuen. Orduan alkateak miñoiari labaina kendu eta berak jo nahi izan zuen errepublikazalea, baina gainerako miñoiek eragotzi zioten.

Egun batzuk geroago, urriaren 14an, Bilbotik lau anaiekin zebilela, Oruek El Liberaleko zuzendaria Juan Etxetaberri ikusi eta harengana jo zuen argitaratutakoa gezurra zela esanez. Kazetariak bereari eutsi eta azkenean, garaiko prentsaren arabera, “el alcalde y sus hermanos lanzaronse sobre el periodista agrediéndolo brutalmente”. Hainbesterako ez zen izan, Etxetaberrik masailean kolpe txiki bat besterik ez zuen eta. Baina ez dago dudarik, odola atoan hasten zitzaion borbor alkate jaunari.

Sozialisten mitina

Bere bigarren agintaldian (1913-1916), Oruek sektore askoren oposizioa piztu zuen, nahi eskuinetik, nahi ezkerretik. Horietakoak ziren sozialistak. 1915eko otsailaren 28an mitina antolatu zuten Begoñan alkatearen jarduna salatzeko, jauntxokeriaz jokatzen zuelakoan. Zabalbideko frontoian batu ziren, errepublikazale eta jaimista (karlistak) batzuekin batera. Lehenengo Matias Etxebarria zinegotziak eta Ramon Nuñezek egin zuten berba, Begoñako egoeraren berri emateko.

Kritikak entzunda, entzuleen artetik nor eta Carlos Orue bera zutundu zen. Kapela atzeraka jarri eta aldarri baten frontoiko kantxatik berba egiteko aukera eskatu zuen: “En nombre de la libertad y como vecino de Begoña, deseo hacer uso de la palabra para contestar…”. Hura harridura lehenengo! Hango astrapala gero! Mitinaren buru zegoenak, birika hutsean, kostata lortu zuen bere ahotsa entzunaraztea berbotsaren gainetik: “En nombre de la libertad que invoca el señor Orue, tiene drecho a convocar al pueblo para mañana mismo a otro mitín en el que puede rebatir, si puede, los argumentos que aquí han sido expuestos”.

Oruek amore eman zuen eta urak baretu ostean mitinak segitu zuen. Ondoren Facundo Perezagua buruzagi sozialistak egin zuen berba eta honela amaitu zuen: “He presenciado hoy un acontecimiento extraordinario. Yo no he visto en ninguna parte que el alcalde haya asistido a estos actos. Muchas gracias por el honor, señor Orue”. Oruek kapela erantziz erantzun zion.

Abadea jo

Kortesia galduz joan zen urte hartako hauteskundeak hurreratu ahala eta alkate jaunari atzera jarri zion odola pol-pol. Orueren aldekoak (katolikoak eta jeltzaleak) kinka larrian zeuden, oposizioa gero eta indartsuagoa zelako. Jarrerak gogortu, giroa mikaztu eta lagun asko muturtu egin ziren. Azaroko udal hauteskundeak baino egun batzuk lehenago, istilu harrigarria gertatu zen. Oposizioko buruetako bat, Ricardo Artetxe, Begoñako Santa Monika komentura sartu zen eta propaganda eskuorri bana eman zien lorategian zeuden abade biei. Papera eskuetan zeukatela Orue agertu zen eta, arrazoia oso garbi ez dagoela, makilakada jo zion komentuko kaperau Enrique Basauriri. Labairu elizgizonak ere kolpea hartu zuen tartean sartu zenean.

Basauri nahiko larri egon zen hurrengo egunetan. Salaketaren ondorioz auzia hasi zen. Alkate katolikoa abadeak egurtzen ikustea ez zen oso ohikoa, ezta egokia ere. Konponbidea behar zuen. Egun batzuk geroago, Orue gotzainarengana joan zen azalpenak ematera eta barkamen eske. Euzkadi egunkariaren arabera, “le dio toda clase de explicaciones sobre su sentimiento por lo acaecido con el sacerdote don Enrique de Basauri en un momento de ofuscación, quedando plenamente reconciliado con la iglesia”. Gotzainaren aginduz, Bilboko artzipresteak barkamena eskatu zion Basauriri Orueren izenean, baita hark eman ere.