Carlos Orue, ahotan gehien hartutako alkatea (eta III)

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2017ko api. 18a, 07:00

Carlos Orue, aulkian eserita, 1916ko urtebarri egunean omenaldia egin zioten lagunekin

Hemen amaituko dugu Carlos Orueri eskainitako artikulu sorta. Gaur bigarren agintaldiko udal politikako kontuak jorratuko ditugu, foralengandik ihesi joan zenekoa ahaztu barik. Zer esana eman zuen Begoñako alkate bizardunak!

Orue alkate ibili zen sasoian, batez ere bigarren aldian (1914-1916), gori-gori zegoen anexioaren gaia. Bilbok beretzat nahi zuen Begoña osoa, ikusita ez zitzaiola nahikoa 1870an hartu zion lur zerrenda (Campo Volantin, Kristo aldea, Iturribide, Solokoetxe, Larreagaburu…). Gehiago behar zuen. Abando osorik bereganatu eta gero (1890), Bilbok Begoña eta Deustua jarri zituen helburutzat.

1913-1916 bitartean Orueren kandidatura anexioaren aurkakoa zen, gehienbat. Horrela aipatu zuten garaiko prentsan. Sasoi hartan katolikoak eta jeltzaleak Begoñaren anexioaren aurka azaldu ziren eta, hortaz, herri gisa bere bidea egin zezan nahi zuten. Anexioa, ezkerreko alderdiek defendatu zuten, hala errepublikazaleek nola sozialistek. Carlos Oruek sutsu egin zuen Begoñak bere herri izaerari eustearen alde. Ezkerretik, ostera, jauntxoen interesak defendatzea leporatu zioten, alegia, lursailen eta etxeen ugazabek negozio ederra egiten zutela Begoña herria izanda, zerga gutxiago ordaindu eta Bilbo ondoan egoteagatik garesti alokatu edo saldu ahal zituztelako euren jabegoak. Begoñarrek, ostera, Bilbokoak baino zerbitzu eskasagoak jasotzen ei zituzten. Hala ere, sasoi hartako hauteskundeetan anexioaren aurkakoak nagusitu ziren. Alegia, Orueren aldekoak.

Jauntxokeria zen Orueri egiten zioten kritikarik handiena. Udala nahierara gobernatu izana leporatu zioten, aurreko alkate Canuto Basterrari bezala. Kritikoen arabera, hauteskundeak bozak erosiz irabazten zituzten eta gobernatzean euren buruen mesedetan baino ez zuten jarduten. Orduan eratu zen Orueren kontrako oposizio latza, Ernesto Bengoa buru zela, ezkerreko elementuak nagusi izan arren eskuindarrak ere bilduta.

 

Omenaldia

Herria banatu egin zen. Baina Oruek babes handia eskuratu zuen udal hauteskundeetan. 1916ko urtebarri egunean bere omenez bazkaria egin zuten Matias Sarasolaren txakolindegian. Ehun bat gizon batu zen bazkarira. Omenaldiaren arrazoia zen “alkate gisa egindako kudeaketa bikaina aintzat hartzea eta jarduera horren ondorioz elementu batzuek egin dizkioten erasoen mina leuntzea”. Besteak beste Heredia eta Sopelana zinegotziek egin zuten berba. Gero Carlos Oruek berak hartu zuen hitza eta argi utzi zuen Bilbok ez zuela Begoña bereganatuko “ni alkate makilari eusten diodan bitartean”. Bide batez, hilabete bi lehenago jo zuen abadeari (Enrique Basauriri) barkamena eskatu zion jendearen aurrean.

1916an bertan alkatetza utzi behar izan zuen, udal diruak txarto erabili izana leporatu zioten eta. Ondoren etorri zen tranbiako istilu ospetsua, urrian. Harrez gero oraindik ere zinegotzi ibili zen baina hamarkada amaitu aurretik politikatik erretiratu zela ematen du. Orduantxe (1920) absolbitu zuten udal diruak txarto erabili izanaz.

 

Ihesean eta espetxean

Legegizona ogibidez, zazpi negoziotan sartuta ibili zen Orue bere bizitzan zehar. Zeregintxua zen gizona. La Electra enpresaren jabea izateaz gain, proiektu ugari sustatu zituen, adibidez, Indautxuko zezen-plaza. Burtsa agente gisa ere jardun zuen, baita espetxera joan ere horren ondorioz. 1925eko uztailean Madrileko epaitegi baten aginduz, Begoñako foralak haren etxera joan ziren atxilotzera, finantza operazio baten gorabeherak zirela medio. Baina albistea arinago zabaldu zen eta Oruek ihes egin zuen. Egun batzuk geroago, hilaren 17an, atxilotu zuten, Urduñan, andre Carlota Olanorekin zegoela. Bilbora trenez ekarri, epailearen aurrera eraman eta Larrinagako espetxean sartu zuten. Astegarrenean askatu egin zuten.

Bestelako kontuetan ere nabarmendu zen Orue. 1902an, esate baterako, postura bitxia egin zuen: nork arinago egin Bilbo eta Getxo arteko bidea, Manuel Barandiaranek motozikletan -eta 10 minutu abantaila emanda- ala Oruek zalgurdian. Begoñarra erraz nagusitu zen.

Eta azken kontu bat. Carlos Orue Karmengo Argia aldizkariaren harpideduna zen. Euskarazko aldizkari hura karmeldarrek argitaratzen zuten eta frankismoak debekatu zuen 1936an. Gaur egungo Karmelek eman zion segida. Mahatsorria hil zenean (1934), “Goyan begoz il diranak” atalean lau izenen berri eman zuen aldizkariak, tartean, “Begoña’n, Epailaren 9an, Orue’tar Karla Mirena”. Eta jarraian: “Karmengo Argia’ren arpidedun izan dira, ta euren etxekoai samintasunan laguntzen dautsague”.