Bilbo irudikatzeko beste armarri bat (1931)

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2022ko uzt. 15a, 09:00

Ekainean Bilboko Udalak Deustuko udal armarria ezarri du Done Petri plazan, elizaren aurrean. Honek aitzakia ematen digu Bilboko armarriaz berba egiteko. Jakina denez, armarri zaharra da, gutxienez XVI. mendetik hona San Antoneko eliza eta zubia erakutsi ditu eta. Gaur orrialde hauetara beste bat ekarriko dugu. Ez zuen biderik egin, baina leku bat merezi du.

1931ko martxoko Bilboko udal kargudunak ez ziren herritarrek nahi zituztenak, Damaso Berenguer jeneralaren diktadurak Madriletik izendatutakoak baino. Alkate Adolfo Gonzalez de Kareaga (1897-1937) zegoen, 1930eko otsailean hartu baitzuen kargua eta utzi, Espainiako II. Errepublika ekarri zuten 1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan utzi zuen. Bozken bidez ahalegindu zenean, porrot egin zuen: 1933an diputatugai aurkeztu zen Bilbon baina ez zuen aktarik lortu. 1937ko urtarrilaren 4an hil zuten Begoñan, Angeles Custodioseko sarraskian, preso zegoela.

Bada, alkate karguan hilabete falta zitzaionean, Kareagak, lau zinegotziren babesaz, mozioa aurkeztu zuen Bilboko Udalaren armarria aldatzeko. Artean indarrean zegoena eta gaur egungoa berdinak ziren, xehetasunak gorabehera. Baina alkate monarkikoak aldaketa nabarmena proposatu zuen:  armarrian lekua egitea Bilbok aurreko urteetan bereganatutako elizateei: Abando (1890), Deustua (1925) eta Begoña (1925).

Laurak bat

Martxoaren 12ko prentsan irakurri dugu Bilboko Udaleko Batzorde Iraunkorrak onartu egin zuela alkatearen eta bere taldearen proposamena. Argudio morala astindu zuten: “Gure iritziz arlo moraleko erabaki bat falta da” Bilboren handitzearen ondorioz desagertu ziren herriekiko begirunean. Izan ere, elizate zaharroi izaera eta izatea bera aldarazi zieten. Bestalde, argudiatu zuten, Bilbok berak ere bere burua aldatuta ikusi zuen, albo-herriok bereganatu ahala. 

Eta zelan kitatu zor hura? Bilboko armarrian Begoña, Abando eta Deustua ere sartuta. Horrela erakutsi nahi zuten 1931ko Bilbo ez zela lehengo Bilbo, hiribilduaren eta elizateen batuketaren ondorioz sortutako zerbait berria baino, lau entitateen ekarpenez elikatutako Bilbo berria alegia.

Ez zen bat-bateko kontua izan. Mozioan bertan aipatu zuten heraldika adituekin kontsultatu zutela proposamena eta bereziki hartu zutela kontuan Juan Carlos Guerraren iritzia. Sasoi hartan Guerra genealogia arloan aditurik handienetakoa zen Euskal Herrian, Euskaltzaindiko kidea izateaz gain.

Bada, Guerrak proposatutako aukera bietako bat hautatu zuten: “Bilboko armarri zaharrari ematen zaio lehentasunezko lekua, dagokion bezala; Begoñako elizate zaharreko armarria ere nabarmendu da, Bilboko uria haren lurretan sortu zutelako eta herri horretan dagoelako Bizkaiak gehien gurtzen duen lekua, Begoñako Ama Birjinaren eliza alegia”. Eta, jakina, tokia egin zieten hala Abandori nola Deustuari.

Beraz, armarri berriak goialdean Bilboko irudi zaharra zeraman (San Anton eliza eta zubia), erdian Begoñako ikurra (loreontzia), eta behealdea erdi bana Abandoko zuhaitz eta bihotzentzat eta Deustuko zuhaitz, giltza eta otsoentzat. 

Onartua eta ahaztua

Alkatearen mozioa udal batza osora eraman behar zuten. Baina garai nahasiak ziren haiek eta martxoaren 12az geroztik osoko bilkura bi egin zituen Bilboko Udalak (martxoaren 15ean eta 21ean) baina batzar horietako aktetan ez da ageri. Onartuta ere, Bizkaiko Aldundiari bidali behar zion Udalak, bere onespena eman zezan. Dirudienez, armarri berriaren proposamena ez zen inoiz Bilboko Udaletxetik atera.

Apirilaren 12ko hauteskundeen ostean, Gonzalez de Kareaga alkatearen agintaldia amaitu ez ezik, Errepublika aldarrikatu zuten hainbat udalek (euskal errepublika udal askok). Agenda politiko berriak, antza denez, Kareagaren taldearen asmo haiek eraman zituen, guk dakigula armarri hura ez baitzen inoiz erabili modu ofizialean.

Oharra: testu honen lehenengo bertsioa Berton aldizkariko 203. zenbakian (2016ko azaroa) argitaratu zen.