Joan

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2017ko ots. 23a, 09:51

Argazkia: pabellon6.org

La Casa de Bernarda Alba (1936) Federico Garcia Lorcak idatzi zuen azken antzezlana da. Pabiloi 6ko Antzerki Laborategian emakume talde bat eszenatokira igo da eta andaluziarraren azken drama oparitu digu. Oparitu, bai, ordu eta erdian ez dagoelako erlojura begiratzeko tarterik, oparitu, bai, hunkitzeko eta gogoeta egiteko tartea eskaini digulako Itziar Lazkanok zuzendutako taldeak. 

Erronka handia izan behar du La Casa de Bernarda Alba antzezteak eta Pabiloi 6ko emakume taldeak aise gainditu du. Protagonisten eszenaratzea asmo erakusketa da: ama eta sei alabak eszenatokiko atzealdean agertzen dira guztiz beltzez jantzita, aurpegia estalia eta burumakur, eta burua altxatzean, begiradan eta keinu hotzetan ikusten zaie elkarbizitzak bukaera dramatikoa izango duela. Dolua lehen abisua da Bernardarentzat, baina ez atzena.

Antzezlana Lorcaren liburuari fidel zaio eta itzulingururik gabe sartzen da mamian: Antonio Maria Benavides hil da eta bere alargunak, Bernarda Albak (Vene Herrero), bere bost alabei zortzi urteko dolua ezartzen die etxetik atera ezinik. “Horrela egin zen gure aitaren etxean eta horrela gure aitonaren etxean”, diotsote amak antzezlanean zehar giltzarri izango diren bi ezaugarri aipatuz: ohitura zaharrak; eta batez ere itxurak gordetzea, “familian fatxada ona eta harmonia nahi dizkinat”, etxean (eta herrian) daukan garrantzia; ez dadin familiaren izen ona lohi, eta bestetik, Bernardak etxea zorrotz daroa, hiru horma zurien artean gertatzen dena bere menpe egonik.

Lorcaren lanak emakumeen aurkako bortizkeria eta gizarte tradizionalaren ohitura zaharkituak ditu jopuntuan, andre asko eta askoren egunerokotasuna itogarri bilakatu zutena. Etxeko giroak estutasuna islatzen du, ia edozein esaldik asmo txarren bat ostenduz, publikoak ahizpek sekreturen bat daukatela susmatzen duen bitartean. La Ponciak baino ez du libre-antzean berba egiten, baina alabekin bakarrik. Adibidez, Adelari (Olatz Ganboa) esaten dio: “Angustias gaixobera da. Hori ez da gauza lehenengo umearen erdialdia aurrera eramateko”. Izan ere, Adelak (Olatz Ganboa), Martiriok (Yannick Vergara) eta Angustiasek (Nagore Herrero) gizon bera maite dute, Pepe el Romano. Gainera, gizonak Adelarekin atera arren, Angustiasekin ezkondu nahi du, Albaren etxeko herentzia jasotzeko. Bigarren abisua Bernardarentzat, bere horretan jarraitzen duena.

Obra guztian zehar emakumeen egoera ahoan bilorik gabe salatzen dute alabek, Ameliak (Aiora Sedano): “Emakume jaiotzea bera dun zigorrik handiena”. Adelak (Olatz Ganboa): “Gizonei dena barkatzen zaie”. Alaba gazteak larruz ordainduko du. Hasieran Adela neska alaia da, soineko berdea horren ikur izanik, eta edozein gazte bezala txoriburua da, amari abaniko berde eta gorria ematen dionean adibidez, baina bizipoza apurka-apurka zimeltzen zaio. Lehenik, etxean egoteak tristatzen du, gero maitasunak. “Nigan ez du inork agintzen Pepek besterik”, eta Bernardaren eskopeta tiroak entzun ostean Pepe El Romanok. Orduan, Pepe hil dela sinetsita, bere soineko berdea jantzi eta, soka lekuan duela, Adelarenak egiten du. Bukatu dira abisuak Bernardarentzat; zeina egoera gobernatzeko ezgauza izan den, Adela hil da, heldu da tragedia.

Tragediaren aurrean, Bernardak azken bururaino eroaten du burugogorkeria. Lehenik itxurak gorde nahi ditu eta ohiturei eutsiz, “nire alaba birjina hil da! Eraman bere gelara eta jantzi dontzeila balitz bezala. Inork ez du txintik esango”, agintzen du, bere sentimenduak gobernatzen saiatzen ari dela. Izan ere, une batez Bernarda Alba ama ere badela gogoratzen digu Herrerok, ahotsa urratzen zaionean. Bukatzeko, etxea zorrotz eroaten jarraituko du: “Isilik eta isilik esan dut! Isilik!”, esaten die etxekoei. Tragediaren aurrean isiltasuna eskatzen die, betiko konponbide antzua; Adela urkara eroan duena. La Casa de Bernarda Alba da Lorcak idatzi zuen azken antzezlana eta Pabiloi 6ko neska-aktore taldeari esker otsaila bukatu arte Deustuibarran ikus dezakeguna. Joan. 

 

Fitxa teknikoa

Antzezleak: Olatz Ganboa, Vene Herrero, Idoia Merodio, Nagore Navarro, Leire Orbe, Carmen Pardo, Aiora Sedano eta Yannick Vergara.

Musika eta Soinu espazioa: Adrian Garcia de los Ojos.

Ahotsa: Izaskun Fernandez.

Eszenografia diseinua: Mario Loza eta Ibai Etxezarraga Alvarez.

Eszenografia egilea: Ibai Etxezarraga Alvarez.

Kartela eta Kreditu-Argazkiak: Tere Ormazabal.

Argiak: Iñaki Garcia (trm).

Jantziak: Zapatitos de Charol.

Zuzendari laguntzailea: Fermin Cariñena.

Zuzendaria: Itziar Lazkano.

Hizkuntza: gaztelania.

Eguna: otsailak 12.

Euskarazko aipuak: Fernando Mendizabalak egindako itzulpenetik aterakoak.