11 egun elegante!

Donostiako Alde Zaharreko Etxebe tabernan ‘¿Qué pasa elegante?’ jartzen duen kartel bat dago. Taberna ikusita, beti pentsatu izan dut ‘elegante’ hitzaren atzean euskaraz egiteko gonbita kriptikoa dagoela. Deustualdean Belarriprestek lotsak kendu eta euskaraz egitera gonbidatuko gaituzte 11 egunez. Eurek ‘¿Qué pasa elegante?’ esango digute, soinean belarri bat daramatela, eta gu, Ahobiziak, konturatuko gara erdaldun askoren atzean elegante jokatzera ausartu den euskaldun pilo bat dagoela.

Deustualdean euskaldun asko bizi gara eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte elegante jokatuko dugu. Batzuk ahobizi izango gara eta euskaldunekin beti eta erabat egingo dugu euskaraz. Aho bat eramango dugu soinean, bizia izango dena, eta ezezagunekin lehen hitza bai ala bai izango da euskaraz. Ausartenek, Belarriprestek, beldurrak uxatu, eta euskaraz egiten lagunduko digute 11 egun horietan. Noiz edo noiz ‘¿Qué pasa elegante?’ botako digute normal antzean lantzean- lantzean, ordea, ‘zelan elegante?’ galdetuko dute mihiari eragiten ari direla, baina beti belarria prest dutela. Eta gu, Ahobiziak, konturatuko gara erdaldun askoren atzean euskaldun bat ostenduta egon dela, bigarren planotik atera eta protagonista izan nahi duena. 

Urte luzez, euskarari arlotekeria eta simaurra lotu zaizkio, euskaraz egitea saskela zelakoan; baserri usaina zerion, euskaldun izatea baserritarren kontua balitz bezala. Azaroaren 23tik aurrera, Deustualdean, uste ustel horri beste behin ere buelta bat emango diogu eta 11 egunez konturatuko gara kalean, erdaldun askoren atzean, elegante jokatu nahi duen euskaldun bat dagoela. Izan ere, Karmele Jaiorekin bat nator: elegante izatea jarrera kontua da, eta Deustualdean erabaki dugu azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte halaxe jokatuko dugula; 11 egunak beste hamaika egun bihurtuko direlakoan, atzean dagoen euskaldunak erdaldunari aurrea hartuko diolakoan. 

Idazle gasteiztarrak dio dotorezia ezin dela denda batean erosi eta plastikozko poltsa batean eraman; ez dagoela hain estu lotuta janzten diren praka, jaka eta gonekin, berba batean: dotorezia izaera kontua dela. Egia da, baina batzuetan itxurak ere  lagundu laguntzen du. Izan lirain ematen dizun jaka horrek izan airoso geratzen zaizun zapiak laguntzen du elegante joaten. Deustualdean, aho eta belarri bat aukeratu ditugu dotore joateko. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte jantziko ditugu eta gurekin euskaraz egitera gonbidatuko dugu Deustualde osoa. Izan ere, abenduaren 4tik aurrera ‘¿Qué pasa elegante?’ kriptiko hura albo batera utzi eta dotorezia ohitura bihurtu nahi dugu. 

Elegante izan nahi? Dotore jokatu gura? Aukeratu ahoa ala belarria, soinean jantzi eta erdu gurekin euskaraz bizitzera!