Otsaila: Ustekabean

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2021ko ots. 5a, 08:44
2020ko inauteriak Bilbon

Gaur hasi behar ziren Deustuko Inauteri normalak, pandemiak harrapatu ez bagintu. 

. Iaz barre egiten genion ditxozko gaitzari. Maskarilak hartu eta tontoena egiten genuen tabernetan. Koroa eta birusa, ijiji eta ajaja. Intentsoa banintz, esango nuke gure zaurgarritasuna agerian geratuko zen egunaren atarian geundela. Baina ez naiz (momentuz) eta ez naiz hasiko, tontamentean COVID-19 gora eta COVID behera urtebete bete berri dugulako. Eta luze joko duela dirudi.

Atzera begira jarrita, konturatzen naiz ustekabean harrapatu gaituela denak. Martxoaren 10ean ez zitzaigun burutik ere pasatzen etxean ia hiru hilabete emango genituela. Guztia itxita egongo zelako iragarpenik ere ez horoskopo-egileen artean. Iraupenak ere larru gorritan hartu gaitu eta hainbat neurrik ere. Pello Reparazek Begietara begira iazko udaberrian atera izan balu, oraindik eta hitago izango zen. Hori bai, txosnetan ez genuen entzungo eta tabernetan gutxi. PCR jada ez da Ruandako Alderdi Komunista.

Azken hilabeteek munduko ezkorrenek espero ez zituzten markak hautsi dituzte. Uda ostean bazirudien burua altxatzen hasiak ginela, baina bigarren olatuak tabernak, herriak-eta irentsi zituen. Erresakak etxerako aginduak eta itxiera perimetralak ekarri zituen. Denok mendira edo pasioan, eta hamarretan etxean; gure aitite-amamen ohiturak, alegia. Eta hirugarrenak? Gabonak petit-comitean, txertaketa; hau eta bestea, eta Athleticen Supercopa. Azken berriak ikusita, laugarrenean igual ez gaude bakarrik Lurrean. ETren mozorroa garbitu berri dut, badaezpada ere.