Fest mani-fest!

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2022ko mar. 30a, 11:15
Muguruza mani-fest emanaldiko une bat (Argazkia: Loraldia)

Siestaurreko 16:00ak izango ziren kuadrilako batek abiastu zidanean: "Gaur 22:00etan, Muguruza: Mani-Fest Kafe Antzokian". "Bai, goazen", erantzun nion bitan pentsatu gabe. Iluntzean, trago pare bat hartu ostean, bertara abiatu ginen, sarreraren bat egongo zen jakin gabe. Baietz erantzun ziguten antolakuntzakoek. "Gau handia izango da", pentsatu nuen.

21:45ak inguru heldu ginen. Berriz Kafe Antzokian, berriz kontzertu batean eta berriz Fermin Muguruza. Ia ahaztua neukan. 22:10ak izango ziren Erbiti ahizpak, Ion Celestino& Ergatibo Band agertokian agertu zirenean. Sortaldea modan dago, zalantzarik gabe. Hemen izango bazina jotzen hasi ziren doinu jamaikarrak izan zituen kontzertua. Segidan, Negu Gorriaken beste bat. Lasaiegia nire gusturako. Kortarturen bat nuen faltan, kaña gehiago. "Lasai egon", erantzun zidan lagunak. Zubizuria zoragarri moldatu zuten, Bilborekin lotzeko aproposa zelakoan. Zergatik ez? Zorua lehor zegoenez, ez zen inor labandu, Calatravak diseinatutako zubian ez bezala.  
 
Ostean, La Basuk eta Basatiek Kafe Antzokia hankaz gora jarri zuten. Plazandre totalak. Kortaturen letrak eta kantak lotu eta bakarrizketa-elkarrizketa harikatu zuten ikusleen gozamenerako. Bertsioak ere tankera horretakoak izan ziren: dibertigarriak, indartsuak eta dantzagarriak: "Hartu hitza, hitza har dezagun, iritzia eman ezazu!". Bat aipatzearren, Zu atrapatu arte hirueleduna aipatuko nuke, euskaraz, gailegoz eta katalanez emanda. Eta, zelan ez, bozgorailuetan jatorrizkoa jarri eta denok dantzan jarri gintuztenean. Tumatxa!
 
Juantxo Arakama buru zuen bandak hartu zien lekukoa. Erronka zaila zen La Basu eta Basatien pareko ikuskizuna eskaintzea, baina lortu ere egin zuten! Erabakigarria izan zen lehenengo kanta: Radio Rahim. Indarrez kantatu egin genuen, gogotik, Ion Arruabarrenaren saxoak lagunduta. Ondoren, Iñigo Muguruza gogora ekarri zuten,"Zinema Paradison ikusiko gara!", eta La Basuren bakarrizketa doinuz eskeini. Amaierak ustekabean harrapatu gintuen, ordea, gorenean geundela heldu baitzen. Baina merezi zuen, merezi izan zuen. Hori esan genion elkarri kuadrilakoak eta biok. 
 
Hori eta askoz gehiago merezi du Fermin Muguruzak. Euskal musikan bidegilea eta urratzailea izan da irundarra. Aipagarria ere Loraldiaren lana. Lehenengo Lore-Jokoak eguneratzen asmatu dute. Beti izango dugu Bilbao baino ez zen falta gaua biribiltzeko, beti izango baitugu Bilbo, euskalduna ere. Guk hala nahi badugu, behintzat; euskaraz bizitzea aukeratzen badugu, noski, Fermin Muguruzak egin zuen bezala ("Euskalduna naiz eta harro nago!"), Antzokiko askok egin bezala. 
 
Larunbatekoa bai fest! Larunbatekoa bai mani-fest!