Alaitz Argandoña: “Auzo elkarteek asko dugu esateko eta emateko”

Erabiltzailearen aurpegia PREST! aldizkaria 2020ko mai. 5a, 13:09
Argazkia: Alaitz Argandoña

Joan den otsailetik Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko (BAEF) lehendakaria da Alaitz Argandoña (Arangoiti, 1980). Talde berriaren helburu eta borroka-ildoen inguruan hitz egin dugu, baita Arangoitiko eta Deustuko auzo elkarteen aldarrikapenen inguruan ere.

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren (BAEF) zuzendaritza batzordea aldatu berri duzue. Zer dela-eta?

Aspaldi programatuta zegoen aldaketa. Aurreko zuzendaritza batzordeko kide gehienek utzi egingo zuten taldea eta berritzeko eta gaztetzeko beharra zegoen. Ni idazkaria izan naiz azken boladan eta lehendakariaren lekukoa hartzeko eskatu zidaten. Hasieran bertigoa ematen zidan, baina asko lagundu didate erreleboarekin. Gainera, konfiantzazko idazkari bat izatea lortu dut, Amaia Arenal, eta oso pozik nago horrekin.

Nolakoa da talde berria?

Orain arte oso presidentzialista zen federazioa, lehendakariak ardura asko hartzen zituen. Orain jende gazte asko sartu da eta nabaritzen da lan egiteko eran. Nire asmoa da lana guztion artean banatzea federakundearen lana aurrera eramateko.

Aldaketa nabarmenik egongo da?

Ez dut uste kanpora begira zuzendaritza batzorde berria nabarituko denik. Igarriko dena da federazioan auzo elkarte berriak sartu direla eta haiekin lan ildo berriak jarri dituztela mahai gainean. Jaiotzetik federazioaren ardatz nagusiak parte hartzea sustatzea eta periferiako auzoetako irisgarritasuna ziren. Orain, turistifikazioa, aisialdia, ingurumena eta bizikidetza bezalako gaiak lantzen hasi gara.

Bizikidetzaren inguruan jardunaldi batzuk egitekotan zineten martxo amaieran.

Bai. Ingurumenari buruz dekalogo bat eta jardunaldi batzuk prestatuta genituen, baina komunikabideetan segurtasunaren gaia pil-pilean dagoenez, lehentasuna emango diogu gai honi. Beharrezkoa ikusten dugu gure posizioa argi uztea, alarma soziala gelditu eta arazoa nahi ez dugun bidetik joan ez dadin. Segurtasun falta sentsazio bat da, ez dago errealitatearekin lotuta, eta alarma piztean ondorio txarrak ekar ditzake. Martxo amaieran egiteko asmoa genuen, baina koronabirusa dela-eta ezin izan genituen egin. Asmoa da, ahal izatekotan, maiatzaren 30ean egitea.

Zein da federazioaren jarrera sortu berri den krisiaren aurrean?

Gure lana auzokideekin egotea da, eta hori etxetik egitea oso zaila da, baina bagabiltza. Auzoetan sortutako laguntza-sareei babesa adierazi diegu eta elkarlanean ari gara, batez ere informazioa trukatzeko. Guk ondo ezagutzen ditugu auzoak eta auzokideak, eta orain laguntza behar duen jendea identifikatzen gabiltza. Konfinamendua amaitzen denean auzokide guztiok elkartu beharko dugu gure eskubideak berreskuratzeko.

Zeintzuk dira federazioaren egungo helburuak?

Auzo elkarte guztien egoera, lehentasunak eta lan ildoak ezagutzea, komunean jarri, guztiok elkarrekin bidea egiteko. Askotan gertatu izan da zuzendaritza abangoardian egotea eta auzo elkarteetako kideak dinamika batzuetara ezin iristea. Horregatik gure lana auzo guztien errealitatea ahalik eta hoberen ezagutu eta aldarrikapen indibidualak ikuspegi orokor batetik kudeatzea da.

Zer eskatzen diozue Udalari?

Planak eta proiektuak prestatzerakoan gure ahotsa entzutea. Ez gaituzte inoiz kontuan hartzen eta askotan trabak baino ez dizkigute jartzen. Bestalde, federazioak lokal bat behar du. Ez dugu erreferentziazko lekurik auzokideak gertura daitezen, bilerak eta jardunaldiak egiteko, gutunak jasotzeko… Federakundeak duen garrantziarekin lokal bat merezi dugu. Askotan hitz egin dugu honi buruz Udalarekin eta inoiz lokalen bat erakutsi digute, baina denek berritze-lanak behar dituzte eta guk ez dugu dirurik, boluntarioak gara denak.

Nolakoa da harremana Udalarekin?

Aurrerapausoak eman dira, baina oso txikiak. Auzokideen iritziari ez diote behar besteko arreta ematen. Kontrabotere bezala ikusten gaituzte eta beldurra ematen diegula dirudi, baina guk asko dugu esateko eta emateko. Entzungo baligute elkarrekin gauza asko egin ahalko genituzke.

Zeintzuk dira Udalaren lehentasunak?

Azkunaren garaitik postal moduko Bilbo bat eraikitzen ari dira. Kanpotarrentzat eta enpresentzat erakargarria den hiria egiten ari dira, baina ez bertan bizi garenontzako. Berrikuntza guztiak kanpora begira egiten dituzte, periferiako auzoak kontuan hartu gabe. Makro-jaialdiak antolatzen dituzte hiritarrontzako etekinak ekarriko dituztelako aitzakiarekin, baina guk kalteak baino ez ditugu pairatzen eta etekinak ez ditugu inon ikusten.

Nolako hiria aldarrikatzen duzue?

Haien hiri-eredua ez da guk nahi duguna. Guk auzo guztiak parekatu nahi ditugu, lehen eta bigarren mailako auzorik egon ez dadin. Azpimarratzekoa da askotan periferiakook uste dugula erdiguneko auzoek hobekuntza asko izan dituztela eta ez daukatela inongo arazorik, baina ez da horrela. Turistifikazioa, gentrifikazioa, kaleko gehiegizko argiztapena edota tabernen zarata areagotu egiten da “berrikuntza” horien ondorioz.

2018ko apirilean manifestazioa egin zenuten 100 elkarte baino gehiagorekin, Beste Bilbo bat posible da lelopean. Zer eskatzen zenuten?

Udalaren ateak beti zabalik egotea. Argi dago ez dugula lortu eta oraindik alde handia dagoela herritarrok nahi dugunaren eta instituzioek egiten dutenaren artean. Feministek edota pentsionistek aldarrikapen zehatzak eta egingarriak egiten dituzte kalean. Instituzioek dituzte horiek betetzeko tresnak eta ez dute jaramonik egiten. Manifestazioan hori eskatzen genuen: hiritarren aldarrikapenak entzutea.

Zer lortu zen manifestazioarekin?

Gure aldarriak ez dira bete, baina oso baliagarria izan zen eragileen arteko sarea osatzeko. Orain askoz errazagoa da gure arteko komunikazioa eta elkarlana.

Auzo-elkarteez gain badaude auzoetako beharrei erantzuten dieten hainbat antolakuntza forma. Nolakoa da harremana?

Auzoz auzo desberdina da, baina kasu askotan koordinadorak sortzen dira, Arangoitin bezala. Arangoitiko koordinadoran auzo-elkartea, jai-batzordea edota talde feminista daude. Beste auzo batzuetan ez dago horrelako espazio formalik, baina kideen arteko harreman zuzena dago.

Nolakoa da auzokideen parte hartzea auzoari dagozkien gaiekin?

Nire erronka pertsonala gazteek auzo elkarteak erakargarri ikustea da. Ulertzen dut borroka sektorialetan inplikatzea errazagoa dela, aldiz, auzo elkarte batean parte hartzean dena da transbertsala eta ikuspegi askoz orokorragoa ematen dizu. Zure auzo elkartean helburuak lortuz joango zara eta egunerokoan horren onurak ikusiko dituzu. Horrek lanean jarraitzera asko animatzen du, pizgarri handia da gauza txikiak lortuz joatea. Gainera, auzokideen artean harreman zuzenak sortzen dira eta lan egitea errazagoa izaten da. Jende gaztea behar da auzo elkarteetan, bai erreleboa hartzeko, bai gai berriak ekartzeko ere.

Deustualdeko proiektu urbanistikoek zelako eragina izango dute?

Betiko galdera da: nori begira ari dira lan horiek egiten? Erriberako jendea ez dago uhartearekin pozik, Doneperiagakoak ez daude plazaren planteamenduarekin pozik… Ez badute gure iritzia kontuan hartzen, gauzak ez dira aterako guk nahi bezala eta kexatuko gara, noski. Guk oso proposamen zehatzak ditugu, baina ez dituzte kontuan hartzen. Auzo guztietan  gertatzen da gauza bera, ulertezina iruditzen zait.

 

“Biltzen bagara indartsuagoak gara”

Arangoitikoa zara zu, zeintzuk dira zuen aldarrikapenak?

Betiko gaia irisgarritasuna da. Ni auzo elkartean hasi nintzen gure igogailua apurtu zenean. Ez genuen lortu igogailua konpontzea, anezka bat jarri zuten baina inondik inora ez du lehengo igogailuaren lana betetzen. Arazo berberarekin jarraitzen dugu oraindik ere.

Merkatu zaharra balio anitzeko gune bihurtzeko borrokan ari zarete orain.

Bai, hori da koordinadoraren oraingo borroka nagusia. Nagusien etxea itxi dute, Agirre Baserria txiki geratzen zaigu eta oso ordutegi murritza dauka. Bizilagunentzako balio-anitzeko gune bat behar dugu eta egokiena merkatua da.

Nolakoa da Deustualdeko auzo elkarteen arteko elkarlana?

Harremana daukagu auzo guztietako elkarteko kideon artean. Barrutiko bileretara proposamen bateratuak egiteko elkartzen gara, ikuspegi orokorragoa izateko. Informazioa trukatzeko ere erabiltzen ditugu sare hauek, instituzioek ematen diguten informazioarekin jokatzen dutelako. Guk informazioa eta esperientziak partekatzen ditugu, eta asko laguntzen digu lan egiterako orduan. Biltzen bagara indartsuagoak gara.