Bi txapeldun eszenara Buruz Buruko bigarren jardunaldian

aspepelota.com
Barriola eta Xala, aurrez aurre Eibarko Astelena katedrale txikian.

Partida eskasak edo emaitza nabarmenegiak eman zituen lehen jardunaldiaren ondoren, interesean gora joateko asmoz dator esku huskako lehiaketa nagusiaren bigarren asteburua. Lautik hiru partidetan gazteenen lehiak, batetik, eta txapeldun kontsagratu biren arteko talka jardunaldia bukatzeko, igandean, Eibarren.

Lehen partiden kalitatea eta frontoietara hurbildu zen jendetza murritza ikusi ondoren, ia urteoro azaleratzen den kezka. Alegia, partaide gehiegik esku hartzen ote duten maila goreneko lehia honetan. Amnesia larri baten sintoma, bestalde, ahantzi dugulako Abel Brriolak, kasurako, 10 edo 11 partida jokatu zituela 2002an txapela lortzeko, behe behetik hasi eta finalera iritsi zela. 16 jokalariko kopuruan abiatuko ez balitz ez legoke modalitateko izar berriak ezagutzeko aukerarik.

Final zortzirenak diren nor gehiagoei kaso eginik, Joseba Ezkurdiak bere etxe ingurura ekarri du Julen Retegi (II) iruindarra, ostiral honetan Bergarako udal frontoian jokatuko dutelako. ETBk zuzenean emango duen partida honetan, imaginazioz jantziagoa den Ezkurdia bat eta buruz buru jaioa den Retegiren arteko lehia izango da. Hauta egitekotan, apustuak ere nafarraren alde izango dira.

Asegarce enpresari dagozkion bi partidak jaialdi berean jokatuko dira, larunbatez, Iruñeako Labrit frontoian. Jaunarena eta Zabaletaren artekoan, bakoitzak bere kokagunean dauden jotzaile handienetarikoen arteko talka ikusi daiteke. Pronostiko zaila, biak dakitelako tantoa ongi bukatzen, defentsa ona duten era berean. Esperientziari kasu eginez, leitzarraren alde aterako dira apustuak.   
   
Atzelarien arteko azken lehia, bestalde, Labriteko bigarrenean. Hainbat aldiz binakakoetan aurrez izan diren Beroiz eta Albisuk erregulartasuna eta pilotakada luzearen arteko lehia eredua jarriko dute kantxan. Biak ala biak boleaz defentsa izugarria dute eta partida luze eta nekagarri baten atarian gaudela pentsatuz, Mikel Beroizen garaipenaren aldeko hauta egingo nuke.

Igandean, eta berriz ETBtik zuzenean, modalitate honetan 2002an eta 2011n txapeldun izan ziren Barriola eta Xala, aurrez aurre. Podioaren kutxa txikira ere igo ziren, Abel 2007 eta 2008.ean eta Ives, berriz, 2010ean. Partida deigarria zinez, zeinean leitzarrak defendatzen duen atzelarien tokia buruz burukoan, aurrelari peto-peto baten aurrean. Barriola binaka lortutako txapela estrainatzera dator; Xala, ordea, Elezkano gazteari kristoren paliza ematetik, argi ilunezko sasoi baten ondoren. Ondorioa, auskalo! Baina, leitzarraren alde aterako dira apustuak.