Urrutikoetxea, urteko hoberena eta lekuz kanpo

www.aspepelota.com

Enpresen koadroak murrizteak, laugarren atzelari duin gabe utzi du Asegarce Binakako Txapelketa Nagusirako.

Kaiolako buruz burukoa noiz bukatuko zain zeunden esku pilotako enpresak, bost hilabete iraungo duen, binakako txapelketari ekiteko. Urtero legez, koadro bakoitzeko lau bikotek esku hartuko dute, 14 partidako ligaxka bukaezinean, bere monotoniagatik. Pilotak duen bereizgarri bat bikotearen aniztasunean dago baina, azken urteotan, lehiaketaren bat tarteko ez denean, hainbat jende gutxiago dabil harmailetan eta hedabideetan ere jarraipena murritzagoa da. Hortik, udako hiri edo herri handi batzuetako torneoz landa, ahalik eta lehia arautuetara bideratzea.

Erraza da ulertzea bide horiek pilotari koadroen murrizketa dakartela ondoriorik behinena bezala. Alegia, asteburu oro txapelketan dabiltzan 16 pilotari eta jaialdi bakoitzeko lehen partidarako beste hainbesterekin aski dutela bi enpresen artean. Sekula baino profesional gutxiago enplegatuz eta horra iristen direnei urte gutxiko jarduna eskainiz.

Horiek dira, eta ez besterik, une honetan Asegarcek lau bikote duin aurkezteko atzelaririk ez izatea eta 2015.eko sasoian, bi txapel nagusiak jasotzearren, pilotaririk hoberena bere lekutik atera eta atzelari moduan jokatzen jartzea. Errespeturik inon bada, ez behintzat kantxan, doi horiek erakutsi ondoren azken 10 urteetako pilotari osoenaren laguntzaile. Zaleen artean edonork daki bikoteak orekatzea dela edozein txapelketaren oinarri sendoa eta Mikel Urrutikoetxea, aurtengo txapeldun nagusia Olaizola IIren bikote jartzerakoan, merezi duen kategoria gutxiesten zaio eta intendentziak badaki bera lekuz kanpo jarriz ezingo duela agerian utzi dituen gaien erdia ere ez.

Gizon umila eta esanekoa dela behin eta berriz erakutsi du eta ez du, oraingoan ere, inolako berba lodirik egin, hurbiletik jarraitzen diogunek -eta berak, noski- irain horiek ikusi arren. Iraina eta larria delako oraingoan egiten diotena.

Desenkusa gezurti hori gaindituta, beste zazpi bikoteen berri emateak ba du alaitzeko ziorik. Lehenik, gazte zerrenda bat jartzen duelako gorengo mailan lehiatzeko. Irribarria gazteenetik hasi eta Altuna, Artola eta Ezkurdiak aire berri bat emango diote txapelketari aurreko koadroetan Albisu, Rezusta, Untoria eta Urruti berak hainbat gaztetzen dute atzelarien nomina ere. Erreskadan ipiniko dut bikoteen zerrenda. Asegarcetik Olaizola II-Urrutikoetxea; Bengoetxea VI-Untoria; Berasaluze II-Beroiz eta Artola Albisu. Aspetik, ordea, Altuna-MerinoII; Ezkurdia-Barriola, Irujo-Rezusta eta Irribarria-Zubieta. Denak denen kontra arituko dira bi bueltetan, arestian aipatuko 14 partidarena osatu arte, beraz. Durangon ekingo diote txapelketari, hango Azokak izango duen jende andana probexteko eta Iruñea libre utziz, asteburu horretan aski ekimen izango direlako San Franzisko Xabier eta enparauak ospatzen. Gaurkotasunari kasu eginez, Olaizola II ez da izango lehen jardunaldi honetan eta bere lekua Danel Elezkano bizkaitarrak hartuko du.