Patxo Telleria pregoilari fantastikoa

Jostalaria eta dibertigarria -dibertitzeko eta dibertiarazteko- izanen dela, mehatxatu du Patxo Telleria artistak, Arriagako balkoitik irakurriko duen pregoia. Irakurri, ez kantatu; holakorik ere izan delako beste aukera batzuetan.

Dirudienez, dakienaz baliatu nahi du Bilboko idazle, sortzaile, antzerki nahiz zine zuzendaria eta beste -gehienek aktore esango dute- den aurtengo pregoilari bilbotar ospetsu honek. Asko delako dakiena eta erakutsi duena eszena edo beste ikuskizunetan, jaka horiz eta kapela bereziz jantzita, Aste Nagusiaren agintea izango duena hurrengo bederatzi egun eta beste hainbeste gauez. "Iluntzean paisanoz jantzi eta nerekasa ibiliko naiz" adierazi du irrati baten. Nahiko atazarik izango du eguna argia den tartean ere, gehienetan Giselle txupinerarekin batera.

Txupinaren aurreko egunetan, ez omen dago urduri, plaza gizona dela edozeinek daki. Auskalo ordu berean, baina profesional den heinean ardura handiaz hartu eta prestatu du eman dioten agindua. Aurreko urte edo pregoilari batzuen testuak edota formak ikusi ditu -behin ere ez omen du bertatik bertara ikusi pregoia, duen ofizioaren erruz hain zuzen- "zerbait ikasteko baino gehiago, ez errepikatzeko” zioen Patxok. Ez da arduratzeko kontu bat, Bilbon edo akaso Euskal Herrian gidoi, adaptazio, itzulpen, antzerki testu gehien egin duenaren eskutik datorrenean. Ez naiz ni izango Telleriaren umore bizia eta dibertigarria zalantzan jarriko duena.

Askotan bikote izan duen beste bilbotar peto bat, Mikel Martinez, ez du oraingoan kide bezala izango, urrutian ibiliko ez den arren. Pregoilariak onartzen du jende askok lotzen duela harekin baina bata eta besteari lankide askorekin ibiltzea dagokiela. Buru belarri sartua dago, laster baten estreinatzekoa den Igelak pelikulan edo oraintsu, sekulako arrakastaz eta egunero hainbat egunez edukiera betez Donostia 201’ egitarauan eman duten Gau Bateko Ametsaren muntaian, hainbat kiderekin batera. Beste harri bitxi bat, iaz pregoilari izan zen Gurutze Beitia da Igelak horren protagonistetako bat.

Ez da Aste Nagusiko atari hau, hainbeste urte eszenan, atzean eta inguruan egin dituen atazen berri edo biografia emateko unerik egokiena. Egunerokora joanez, Aste Nagusia beste era batera ia sorreratik bizi izanak balio izango dio Patxori, aurreratu duenez, pregoi dibertigarriaz gain, ezberdina egiteko. Ohitura izugarria izan arren publikoan aurrean -publiko asko oraingoan- errespetua dio eta, halaz ere, sorpresa nabaria emateko asmoa ere badu: "Forma aldetik izango da sorpresa . . . ez dut gehiago esango" aitortu du Patxo Telleria pregoilari flamante, jostalari eta fantastikoak.