Aste Nagusia 2016

Izaki izugarriak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2016ko abu. 22a, 11:37

Ohiko erraldoi, buruhandi eta gargantua bera, txiki geratzen  dira, aspaldiko urteotan Kale Nagusitik gora, Aste Nagusiaren lehen igandean Balearen desfilea osatzen duten izaki erraldoi bezain fantastikoak ikusita.

Sinestezina bilakatzen da, Plaza Borobiletik Bihotz Sakratuaren plazara espaloiak nola umez  eta nagusiz blaitzen diren, gero eta tramankulu handi eta bitxiagoak jaurtitzen dituzten kolorezko papertxoak bezala ura, puxika edo gozokien esperoan eta begiak handi, handi eginez ikusgarri bezain izugarri horien aurrean. Aurtengoak joan diren arren, Aste Nagusi honetara hurbiltzen diren guraso eta enparauek bihotzez gonbidatzen ditut, bere Bilborako osteratxoan kontuan izateko ikuskizun hori.

Urtean zehar Unamuno plazako Euskal Museoan gorderik izaten diren erraldoi edo jiganteak ere ba dute zer ikusirik, AN zehar. Mundu osoan sonatuak dira Iruñeako Sanferminetan, egunero, ordu berean kalez kale ‘jigante eta kabezudoak’  egiten duten kale jira. Bilbokoak haien bestekoak izateaz gain, haiengandik hartu zuten, txistulariaz gain, gaiteroen laguntzaz ibitzeko ohitura. Poza hartzen dut, urte oro, 1978.etik harrez gero, Nafarroako hiriburutik gugana hutsik egin ez duten Xabier Lakuntza eta Jose Luis Fraile lagunak   kalez kale ikusteak. Izan dut  inoiz Lakuntzarekin eztabaidaren bat Gargantua edo bera ote diren klasikoagoak ANn. Gogora datorkit, gainera, bi gaitero hauek Oskorri taldeko partaide izan zirela, hainbat kontzertu eta diskotan.

Gargantua da, dena den, izaki izugarri hauetatik bilbotarrena. Bilboko AN nahiz beste antzinako edozein jaiei identitatea jartzen diona. Ba dira, aspaldian haien antzera egindakoek herri batzuetan baina, bata besteren ondotik, ume pila jaten duen aurpegi gozoko gizandi, ikaragarri eta beldurgarri bezain maitagarria. Joan izan naiz bi belaunaldiko umeekin eta gargantua ikustean haren zirrara ikustea ahantzezina egiten da. Jakina, buruhandiekin antzeko zerbait gertatzen dela baina ume gizandi ume jale hori da bilbotartasuna areagotzen duen pertsonaia.

Urteotan, txiki gunean kokatzen dute, lehen Arriaga plazan egoten zena eta zinez gomendagarria gurasoe umeekin hara hurbiltzea eta, faborez, ikusi egunero ezberdina izaten den erraldoi eta buruhandien kale jiraren egitaraua eta dantzatu haiekin.