Aste Nagusia 2016

Josu Torre: "Chichinabo, P6ren 5. urteurrenean"

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2016ko abu. 26a, 13:00

Aste Nagusiak beti izan du, aro modernoaren aurretik ere, antzerki eskaintza zabal eta aberatsa. Nik ongi gogoratzen ez ditudan garaietan ere, Madriletik edo estatuko beste tokietatik ‘jira’ egiten zuten eta duten konpainiak asebetetzen zituzten Bilbo eta bizkaitarren nahi edo gogoak.

Ez dira alferrik izan Coliseo Albia, Arriaga, Campos Eliseos  eta abar aretoak. Bai Gabon edo Eguberri inguruan baina batez ere Semana Grande hartan, zezenak eta barrakekin udako jai nagusiaren ardatza osatuz.

Antzerkia, euskal erabili beharrik ez dago, urte haietan indartzen eta hedatzen hasia zen baina inondik inora ere ez holako aretoetan antzezteko kasu bitxi eta gutxi batzuetan  ezik. Alternatibo zela esanen dugu, alegia ofizial edo jarriaren ordezkoa; gehienetan behintzat. Egun ere, areto horiek kanpotik etorritako lanez ari dira baina ba ditugu berton bertoko lanak ikusteko aukera.

Testuinguru horretan kokatuko nuke, duela 5 urte Deustuko Erriberako (Zorrotz aurre deitu behar diogu?) lehen industri bezala erabiliko pabilioi baten, antzerki egile eta zale sutsu batzuen ekimenez P6 aretoa ireki zutena. Alternatibo, alde batetik eta bestetik autogestio edo kudeaketa erabiliz. Harrezkero hainbat arrakasta izan du, nonbaitetik etorritako antzez lanekin baina, batez ere etxeko produkzioekin. Bat aipatzearren, 100 emanaldi gora eskaini zuen ‘Chiguagua’ kabareta.

Haren arrakasta hartuko zuten oinarri akaso, iaz estreinatu eta aurten berriro azaldu duten ‘Chichinabo’ kabareta egiteko. Aurrekoan betekadaz betekada aritu ondoren, normalena aurten berriro ikusteko aukera ematea. Umorez, musika, kanta eta dantza ederrez blai dator ‘Chichinabo’, atzoko estreinaldian ikusi genuenez. Iñaki Maruri da musikaren “errudun” nagusia, Felipe Loza zuzendari lanetan eta taulan, jadanik oso ezagunak din Ugaitz Alegria, Irene Bau, Jon Casamayor, Izaskun Fernández Quique Gago, Olatz Ganboa, Karmele Larrinaga, Iñaki Maruri, Itxaso Quintana, Mitxel Santamaria eta Koldeo Olabarri.

Atzoko P6eko emanaldiak ekimen bikoitza izan zuen, dena den. Kabaret honen iazko arrakasta berrestearen hasiera batetik eta areto eta ekimen zoriontsu honen urteurrena bestetik. Ramón Barearen hitz gutti batzuk, lehen,eta tarta eta kaba, gero izan zen egun edo gaua borobiltzeko aitzakia.