Pablo Berasaluze (II)ren agurra Bilbon

Argazkia: asegarce.com

Artista baten alboratzea, erabat ez litzakelako pilotatik joan behar.

Otsailean eta azken Binakako Txapelketa pil-pilean zegoenean iragarri zuen bere behin benineko etorkizuna Pablo Berasaluze (II) eskuzko pilotari berriztarrak. Bat-batean bota zuen arren, zortzi hilabeteko epe luzea jarri zion bere buruari eta ingurukoei berriaz jabetzeko. Harrezkero partida pila jokatu du asteburu oro Euskal Herriko nahiz Errioxako frontoietan, tokian tokiko abegi berezi edo omenaldi hunkigarriak jasoz. Hogei urte luze praka zuriz ibilia eta bere artista sena erakutsi izanaren arrastoa eta ondorioa, ez besterik, herri horietan izan duen harrera. Omenaldi ederrak eta zenbakietan pilotaren historian izan diren ugarienak.

Hoberenak festibal edo partida betekin joan dira etxera, Julian Retegi handia etorri arte. Hark, enpresak antolatutako sei jaialdi eraman zituen, kristoren parafernaliaz hornituz, milaka elastiko nahiz diploma moduko zabalduz zaleen artean. Konparazioak arriskutsuak direnez, gogora dezagun Eratsungoa pilota mota guztietatik txapel edo sari gehien bildutakoa dela, eta Asegarcek, datu hori historiara eramatea erabaki zuen sei jaialdi haiek eratuz. Berresanez, enpresak antolatukoak betiere. 

Pablito Berasaluzek ez du txapelik jantzi profesional mailan, bi aldiz hurbildu zen 1999an Belokirekin eta 2013an Albisurekin finaletara iritsiz. Lehena ia debut berriaren kristoren ilusioaz eta bigarrena tamalezko istripu baten oinarri. Bizkaiako final horretara zama eta lan izugarriaz iritsi ondoren. Berrizko errematatzaileak palmaresik ez du, beraz ezin hori goraipatu, bai ordea ehunka asko partidetan frontoiaren lehen hiru koadroen barruan erakutsi dituen egin daitezken erremate politenak. Koadroetako pilotari guztiak dute nahiko meritu aipatzeko, baina aurreko koadroetako artea, harmailetako txalo zaparradarik handienak jaso dituztenak Pablito eta Titin III izan dira, azken hamarkadetan.

Inork ez beza pentsa, Irujo, Aimar, Oinatz... edo egungo Altuna, Urrutikoetxea, Ezkurdia, Irribarria edo beste aurrelari asko gutxietsi nahi ditudanik, baina dagozkion sasoi edo fakultateekin ez da Pablito baino arte gehiago atera duenik kantxan. Hau litzateke akaso, zortzi hilabete hauetan joan den frontoi guztietan egin dioten abegiaren arrazoia.

Bost-sei urte zituenetik dabilela pilotan, dio Pablok, eta bada dokumenturik hori ziurtatzeko. Jorgen Letz zinegileak 1980 hamarkadaren hasieretan pilotari buruz dokumental bat egin zuenean, Berrizko frontoian hartu zituen irudi mordo bat, zeinetan Berasaluze familia agertzen den, Pablo tartean, protagonista handia honen lehengusu Eñaut izan zen arren. Batera edo hurbilean aritu ziren gazte edo afizionatu mailetan eta, egiari zor, zaletu gehiagok sinetsi zuten Eñautengan, baina Pablo igo zen izartegira.

Hogei urterekin profesionaletan hasi zenetik, sasoi ezberdinak izan ditu Pablitok bizitzan edota profesio ala jokoan. Lehen urteetan gauzak errazegi moduan hartu  zituen. Bere artearen jabe zela jakiteak, frontoian ordu batzuk bai, baina fisikoa preparatzeari muzin egiten zion. Pilotari berriak adore eta indar handiz zetozela ikusiz, ardura pixka bat hartu zuen eta bizpahiru urteren buruan, bi jasoera nabarmenek iraulia eragin zuten Pablo Berasaluzengan. Batetik, inork sinetsi ezin zuen zortzi urte luzerako kontratu ezohiko bat sinatu zuen Asegarcerekin eta, bestetik, egun batetik bestera bere aitaren galera.

Batak eta besteak eragin berezia izan zuten pilotari fin honengan eta, handik gaurdaino kantxan eman duen maila izan daiteke lekukorik nabarmenena. Partidaz partida tanto amaiera ikusgarrienak eskainiz gainera, behin eta berriz eta beti eman lezakeen jarrerarik hoberena erakutsiz. Gutxitan ikusi dugu Pablito epaileekin auzian eta mila aldiz, ordea, bikotekide naiz arerioekin maitekiro portatuz. Maitagarria, maitatua da Berasaluze IIa kantxan eta aldageletan.

Honen ondorio, eta ez besterik, Bizkaiko pilotari berriak ez ezik beste herrialdeko batzuek ere Pablorekin entrenatzeko hartu duten joera. Ez dute, Urrutikoetxea txapeldun handiak bezala, Elezkanok, Larunbek edo Aretxabaleta markinarrak, besteak beste, Berrizko artista aita ponteko bezala hartzeko zalantzarik.

Ez da harritzekoa, beraz, dagoeneko Bilboko Bizkaia frontoiko harmailetako sarreraren erdiak baino gehiago saldu izana. Ez da erraza izango 3.000 lekutik gorako kopurua betetzea, baina ez da hurrun izango. Bere ikaslerik kuttunena, Urruti, izango du atzelari edo bizkarzain lanetan. Konta, 20 urte hauetako areriorik finena, Aimar, Larunbe galdakaoarra, beste ikasle fin baten babesez.

Geroa, etorkizuna, ere bideratuta duela dirudi Pablitok. Mendebaldeko izar berriak entrenatzeko berezia litzateke gainera. Bejondeiala!

 

Argazkia: asegarce.com

[2016-09-15] Pablo Berasaluzek urriaren 1ean jokatuko dau azkenengo partidua profesionaletan Bilbon