Txapeldun gazteenak eta giputzak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2017ko api. 10a, 16:06
www.aspepelota.com

Gidoia jarraituz, Irribarria eta Rezustaren joak makurtu zuten Larunbe baina distira Bengoetxeak jarri zuen.

Gidoia ondo idatzia zekarten eta zehatz ez ezik gainantzeztu egin zuten Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak atzo Bizkaia frontoian, aspaldiko partez (1998.ean Unanue eta Errastik) Eskuz Binakako txapelak Gipuzkoara abiatzeko, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe mendean hartuz (22-14). Txapelketaren aurreko 17 partidetan gidoi bera erabili dute, lehiako bikote erregularrena izanez eta ondorioa nahiz azken emaitza espero zitekeena. Alegia, faboritoen errola bete dute finalean ere. Jokoan ez, ordea, partidako jokalaririk onena, distira eman ziona, Oinatz izan zelako. Leitzar beteranoak artista sena nabarmendu zuelako aurreko kuadroetan. Ulertuezina litzake bestela bere bizkarzainak 16 (bai hamasei) akats egin arren (13 nabarmen eta hiru erdi behartuak) 14 tanto igo zituelako markagailura.

12-7 joan zirenerako, Mikelek zortzi pilota huts eginak zituen, gero irabazle izango zirenei merituak murriztuz. Atseden hartatik bueltatzean izan zen, lehenik, Bengoetxearen iraultza bizia (13-12) eta jarraian Iker eta Beñaten suspertzerik nabarmenena. Atzera jo eta jo, Galdakaoko atzelari fina pizkanaka lehertzen eta akatsak eragiten hasi zen. Ildo honetan kokatu behar da Larunbek jo zituen pilotakadetatik %64 zortzi kuadroen atzetik jo zituela. Eta frontoiko argota erabiliz: Handik ez dator errekadu txarrik arerioarentzat. Mikelek ongi laburbildu zuen bere jokoa partida bukatu ondoren: "Gozagaitz ibili naiz eta behera joan zaizkit eta gozatu ditudan batzuk goiko olanara".

Errekord edo marken finala deitzen diote, horren esperoan gaudelako batez ere. Adinaren marka da Irribarria Banaka nahiz Binaka historiako txapeldun gazteena delako eta bikote bezala ere hura eta Rezusta bikote gazteena. Esana, adin kontua, besterik ez. Emango dute beste errekorrik biek ala biek. Ikerrek proiekzio ikaragarria duelako den onetik bikainera iristeko bidean -tartean umiltasun lezio batzuk ikasiz- eta Beñat Rezusta jadanik kuadroko atzelaririk hoberena delako. Marka izanen da, ziur asko, sailkapen osoan bi partida soilik galtzea; hain nagusitasun ageria erakustea bost hilabeten zehar. Txapelketa hasi orduko, hainbat iritzi azaldu ziren buruz buruko txapelduna eta enpresako atzelaririk hoberenak osatutako bikotea txapelak janzteko deituak zirela eta hala gertatu da. Asegarcek jakin ez duena, Aspek erakutsi du.

Gutxiengoak zuzenean ikusten duen prentsaurrean, garaileen artean Rezustak iaz amai gabe galdutako finalaren antsia zekarrela zirudien. Pozez gainezka eta bere buruari errebantxa bat irabazi bazion bezala "iazkoa horrela galdu beharraren koxka gainditu dudanaren sentsazioa dut" edota lehiaketa osoaren satisfazioa: "Bai, uste dut erregularrenak izan gerala eta hor dago ondorioa". Umil, bestalde, pilotari bakan moduan onenaren saria aipatzerakoan: "Pozik baina sari hori ez da nirea bakarrik, Iker bezalako laguna gabe ez nuen mereziko, biontzat da beraz eta bion benetako saria txapelak dira". Aramako aurrelari indartsuak  beste tonu bat erabili zuen bere adierazpenetan. Etsaien akatsaz baliotzeak aho zapore onik uzten dion galdetuz, "norbaitek eragingo zizkion akats horiek" bota zuen. Aipatu errekorrei buruz, ordea, Beñaten ildotik jo zuen "markarena gutxiena da, oraintxe lortutako txapela da markarik handiena.

Galtzaileen artean, ulertzeko etsipenean, "ezinean, jakina zen horien joak zein eragin duen, aukera izan dudan bakoitzean aritu naiz aurrean baina gutxitan utzi didate. Gehiago izan dira, irabazi dute, haiek dira txapeldunak" zion Oinatz Bengoetxeak. Aurreko egunetan baterik bestera erabili den materialen auziaz, Leitzako aurrelari artista alde batera uztearen aldekoa da: "Pasatu da, gaur ez da hori aipatzeko eguna, haiek goraipatu eta zorionak ematekoa baizik". Zurbil eta ilun, bestalde, Galdakaoko atzelaria, orohar txapelketa txukuna eginez iritsi da finalera eta hainbeste huts egiteaz triste: "Ez dut nire eguna ukan, kostatu zait partidan sartzea eta gosatzea, batzuk erori eta gozatu nituen batzuk gora joan zaizkit." Ez zuen, ordea bere bikotekidea goraipatzeko hitz nahikorik: "Beti laguntzen eta aholkuak ematen, keinu txar bat inoiz egin gabe, lagun izugarri ona, ondo pasatu eta asko ikasi dut Oinatzengandik."

Joan da, bada, bost hilabetez bikoteka esku pilota profesionala eragin duen jarduera baina ez ordea jarduera ofiziala, bihar bertan Buruz Burukoaren aurkezpena egingo dutelako. Ea Bilboko Uriolan jarraitzeko modurik dugun.