Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2017ko api. 19a, 10:21

Aberriarenaz nator, Pazko Igandez, martxoa edo apirilaren ilbetearen asteko domekaz, Garizumari bukaera ematen dion egunaz. Zirkunstantzia guzti horiek betetzen dituelako katolikoen liturgiako Berpizte Egunak eta euskaldunean Aberriarenak.

Erligioren inguruan nabilenez, aldarri edota ospakizun hori asmatu zuenak, Jainkoa lagun beharko zuen ulertzeko zenbat aberri edo abertzale mota bizitzen ari geran XXI mende honetan. Adinean aurrera goazenok AE ezberdinak bizi izan ditugu. Franco bizi zenekoak eta gerokoak esanez egin ohi dugu lehen sailkapena eta, hara nondik, Ferrolen jaiotako diktadore ankerrak kristoren mesedea egiten ziola ospakizun honi. Hirurogeiko Bergara, Gernika, Gasteiz, Iruñea . . . ditut oraindik gogoan, batez ere, gaur arraro, bitxi, egiten zaigun euskal abertzale guztion elkartasunagaitik. Bai gazteok!, Francok euskaldunak batu, elkartzen gintuen. Auskalo zein arrazoi bila dezakegun biltze eta batasun hura berreskuratzeko. Sinetsgaitza bezain ederra egiten zait ameste hutsa.

Aberri egunez zirrikitutik begiratzeak benetako zirrara eragin didala ezin ukatu; nire historia pertsonalean hainbat seinale utzi dituelako. Onerako, euskaldun sentimendua finkatu edo sendotzeko balio izan duen neurrian eta txarrerako, mota guztietako alderdi edota siglatatik ihes egiteko. Inork sinetsiko duenaren zalantzan ere, 50 urtez ez dut behin ere militatu alderdi edo sigla batzuen pean. Inoren laguna ez eta denen aurkako tokian jarri nauen aukera izan den arren; horrek ematen duen ezegokiera bezain lasaitasunareki, bestalde. Gaur berton aitortzearen arrazoia, euskara eta euskal kulturaren militantea izanez gain AE ere estimuan dudalako. Alde mingotzetik, aurtengoan ere, ez dakidala zein AEra joan behar dudan eta, areago, politikan ere militante izan nahi nuke baina, zeinekin? Papelean agertzeko, aurretik idatzi behar eta, gaurko hau herenegun idatzi nuenez, egutegira begiratu eta beste, 1931.enera garamatzan, egun bat datorkit gogora eta zuengana igorriko dut. Gora Errepublika!