Atzelariak etxera, izarrak plazara

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2017ko api. 21a, 09:40

www.aspepelota.com

Iragarrita zegoen neurri handi batean; frontoietan apustuak batetik erdira inguru atera ziren partidak hasi aurretik eta hedabideek ere faborito txartela nabarmen ezarri zioten aurrelarien aldeko iragarkiak atzemanez.

Horrela, Albisu jotzaileak ez zion erraz jarri Laso aurrelari debutaberri abilari baina, gutxigatik izan arren, erori egin zen (19-22). Untoria errioxarra binakako txapelketa izugarri ona egitetik zetorren baina Victor herrikidearen aurrean tanto gutxi egin zituen (8-22). Ezustekotzat jo daitekena, koadroko atzelaririk hoberenetariko bat, Jose Jabier Zabaletak hiru tantu soilik egitea, Mendizabal III beteranoaren kontra (22-3). Azkenik, oraintsu arte aurrelari izan eta atzelari aritu den Jon Juanarenaren porrota, kasu honetan manomanista peto petoa den Julen Retegiren aurrean (22-15). Txapelketan aukera eman dioten lau atzelari, beraz, kalera. Rezusta geratzen da hurrengo honetarako.

Final zortzirenetarako erreleboa hiru aurrelarik eta esaneko Rezustak hartuko dute asteburu honetan, laurak ere iazkoan izar gisa aritukoak. Horrela Lasok neurriko zapatak jantzi beharko ditu Artola jotzen nahiz bukatzen indartsua denaren aurka aritzeko, astelehenean Zumaian.  Victor Esteban errioxarrak, iazko urte guztian emaitzik eta jokorik hoberenak izan dituen Jokin Altuna (III)  izango du aurrez aurre, larunbatean Bergarako Udal pilotalekuan. Iruñeako Labrit ere berriro lehiako partidetan hiru larunbatez jai hartu ondoren, larunbat honetan, Aimar Olaizola eta Mendizabalen aurkako partida hartzeko. Julen Retegik, Joseba Ezkurdia izango du aurrean, igandean. Gazteizko Ogeta pilotalekuan. Jaialdi honetan Gasteiz eta Arabako zaleen agur bero edo omenaldi merezia jasoko du Abel Barriola leitzar pilotari finak.

Inork apusturako erabiliko ez duen esperantzan, nire faboritoen zerrenda emateko tentazioa azaleratuko dut: Artolak bere eskarmentua baliotuz, Lasoren aurrean. Rezusta, atzelaria izan arren, jokoz bete betea dator txapela estrenatzen. Aimar Olaizola aspaldiko urteotan baino hobeki datorrela dio eta ez luke arazorik izan behar Mendizabal erraz samar gainditzeko. Eta bukatzeko, Joseba Ezkurdiak indarrez zati bat kentzen dio, osasun edo formaz erabat ondo ez dabilen Julen Retegi espezialistari. Dena den sorpresak sortzeko edota emateko dira.