Aste Nagusia 2017

Esku pilotaren elitea Aste Nagusian

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2017ko abu. 21a, 17:59

Bakaikoa vs. Jaunarena, buruz buru kantxa osoan; Bengoetxea eta Albisu vs. Altuna eta Rezusta, binaka; eta Victor vs. Retegi Bi Lauterdi barruan dira sekula baino esku pilota feria ederrenari hasiera emango diotenak.

Lehia bakoitzean lehenik aipatuak Anboto bizkaiko mendiaren izenean, eta besteok Gorbearenean jokatuko dute, historian lehenbizikoz Asegarcek antolatu duen taldekako torneo honetan. Bitxia egin zaio ikusle arruntari, eta ez hain arruntari ere, norbaitek edo norbaitsuek partida irabazi eta sailkatu gabe geratzea, eguneko lehietan kideak galtzen zutelako. Pozik ei daude esperientziaz, finalean gertatuko denaren zain. 

Bihar, astearte arratsaldez jokatuko den funtzio hori, aurtengo Asegarceren feriako lehena da. Hurrengo egunetan hasiko delako bi finalerdi eta finalaz osatutako  Aste Nagusia Torneoa, Asteazken eta ostegunez  final aurrekoak eta larunbatean finala. Ez dira esku pilotak izan dituen edo dituen garai hoberenak, enpresek kuadro edo taldeak murriztuz doaz baina dagoenetik figurarik behineak programatu ditu Bilboko enpresa honek sortzearen 25. urteurrena edo zilarrezko ezteiak  ospatzeko.

Olaizola II-Urrutikoetxea (atzelari, 2016.eko txapelketan bezala); Elezkano II eta Zabaleta, (iazko txapeldunak) elkarren kontra lehen finalerdian. Bigarrenean Bengoetxea-Larunbe vs. Altuna III eta Rezusta, eta ohi bezala bi partida horietako irabazleak, nor baino nor, larunbateko finalean. Egun osoko jaia antolatu dute Asegarcekoek eztei horien aitzakian, besteak beste pilotari, jokalari ohi, agintari eta lagunentzako bazkari erraldoia Miribillako frontoian bertan.

Lehenik, pilotarien publizitate eta ordezkari eskubideek kudeatzeko sortu zen ASEGAR elkartea  eta handik gutxira jaialdiak antolatuz pilota enpresa bezala aurkeztu zen garai hartako izar pila bat eskuratuz. Maiz, Errandonea, Salbidea, Beloki, Armendariz, Ariznabarreta, Elkoro, Unanue, Arretxe, Titín  eta abar luze bat kuadroan lerrokatuz. Karmen jai egunean,  1992.eko uztailaren 16.en Zornotzako Amorebieta IV frontoian eman zuten lehen jaialdia.

Badu Aste Nagusiak, palaz eta xisteraz ere zeresanik eta hurrengo egun baten ekingo diogu horri ere. Neronek ere Miribilla aldera igo  dut gaurko jarduna, eguneroko Zazpi Kale, Areatza eta besteal alde batera utziz. Laster hara bueltatuko naiz. Zin dagit!