Liher taldea eta Anari Kafe Antzokian egongo dira gaur kontzertua eskaintzen

Erabiltzailearen aurpegia Kafe Antzokia 2017ko mar. 16a, 08:30

20:30etan, Liher taldeak kontzertua emango du goiko aretoan eta aldiz, Anari 21:30etan igoko da Kafe Antzokiko oholtza nagusira. Liher doan entzuteko aukera egongo da eta Anariren kontzerturako sarrerak 10 euroren truke eskuratu daitezke oraindik ere. 

Liher

Rock zaharkituak sorrarazten duen lilura-atmosfera erakargarriarekin koipezten du Liher laukoteak zapaltzen duen eszena oro; publikoa lehendabiziko zitako aurreneko unetik limurtzeko gai diren horietakoak dira Iñigo Etxarri (Gitarra, perkusioa, koroak. Naizroxa, Anai-Arrebak), Joshka Natke (Baxua. Txemak, Physis), Ekaitz Otxoa (Bateria. Emon) eta Lide Hernando (ahotsa eta gitarra).

Hauts du izena taldearen lehen lan luzeak, autoekoitzia, 2016ko ekainetik abuztura bitarte grabatua eta nahastua. Geure buruak ispilu deserosoetan begiratzeko gonbitea luzatzera datozen 9 kanta biltzen ditu diskoak, barrenak astintzen dizkiguten zalantza eta kontraesan sakonenez ari baita Liher: askatasunari diogun beldurraz, eta beldurraren sedukzioaz aldi berean; barru-barrutik jaiotzen diren deserriez, autoengainuaz; askotariko kaiolez, kontzientziarena barne; inozentziaz eta manipulazioaz; maitatzearen minaz; denboraren iraganaz, eta izatearen beraren hauskortasunaz, finean.

Batzuetan emeki eta bortizki bestetan aritzen den ahots ezti-goxo baina sendoa da banda honen zigilu adierazgarrienetako bat, Lide Hernandoren soul ukituko jolasek osatzen baitituzte oinarri rockero ukaezina duten abestien doinu indartsuak. Blues eta pop grina ere irakur daiteke akorde/lerro artean, Dan Auerbach, Beth Ditto, John Frusciante, Omar Rodriguez-Lopez, John Mayer edota Janis Joplin bezalako erreferentzia itzeletatik edaten baitute.

Lide Hernandok jarri zuen egun Liher bilakatu den proiektuaren lehen hazia. 2015eko udaberrian hasi zen bakarlari gisa kontzertuak ematen, eta garai berean Arrazoi gutxi Denbora Asko maketa grabatu zuen Zaldibiako HaizeBazterrak sorkuntza espazioan. Donostia inguruan gitarra akustikoak lagundurik zenbait zuzenekotan aritu ostean, urte bereko azaroan taldea estreinatu zuen Gazteszenako Ez dok Amaitu jaialdian. Orain proiektua sendotu da, Hauts proposamena borobildu dute eta, modu batean ala bestean, musikaz eragiteko eta asaldatzeko gogotsu heldu dira.

Anari 

1997an hasi zen musika munduan, eta orduz geroztik bakarkako bost disko plazaratu ditu, eta beste bat Petti musikari nafarrarekin elkarlanean. Doinu goibel eta bakartiak, hitz biluziak eta atmosfera ezerosoak darabiltza, eta oso kritika onak jaso ditu. Hainbat abeslarirekin konparatu dute: PJ Harvey (zenbait girotan Euskal Herriko PJ Harvey deitu diote), Cat PowerNick Cave...

Gaur egun musika du lanbide nagusi, baina irakasle lanetan ere aritua da.