Lehenengo etapan Bilbo eta Larrabetzu lotuko ditugu Burdinazko Gerrikotik. Gaur, 16:00etan San Nikolasetik irtenda, Artxandara igo eta Burdinazko Gerrikoko lubakiak bisitatuko ditugu, arratsaldeko azken orduetan Larrabetzura helduz. Bertan, kiroldegian lo egingo dugu, eta dutxatzeko aukera egongo da. "Baina zuzenean lo egitera joango gara ala?". Noski ezetz! Larrabetzura heltzean Kaskatribial edo Kaskakluedoa egingo dugu, eta Entzutegi Nazionalak Kaskagorriren kontra irekitako prozesu berriaren inguruan egingo duguna adosteko 'ideien ekaitza' egingo dugu denon artean.
Bigarren etapan, goxo-goxo gosaldu ostean, martxan jarri eta Zornotzarantz abiatuko gara Bizkargi menditik, gudariek tropa faxistengandik gogorki defendatu izanagatik ikur bilakatu den menditik. Zornotzara eguerdi aldera helduko gara, eta bertan Kaskagorrik bazkaltzen emango digu, ostean Euskal Herriko beste gazte errebelde guztiekin batu eta Igorrera martxan zapatilak erretzeko.
Guztira egun bateko ibilaldi eder eta dibertigarria, aisialdi eta formazio eskaintza ederrarekin!
Gazte Akelarrera (edo Kaskamartxara soilik) eramango dugun material guztia furgoneta baten eramango dugu, soinean bidean bertan erabiliko ditugun gauzak besterik eraman beharko ez ditugularik. Eta janariari dagokionean, gaurko afaria eta biharko gosari eta bazkaria Kaskagorrik emango digu, beraz hankak sendo eta gogotsu ekartzeaz besterik ez gara arduratu behar!
Tira ba! Gazte Akelarre aurreko egunerako ez dago plan hoberik! Lagunak batu, mendiko zapatilak jantzi eta etorri gurekin Bilbo eta Zornotza batzera!
* Izena emateko, Bilboko hainbat Herriko Tabernetan zerrendak jarri ditugu. Bestela kaskagorrikonpartsa@gmail.com helbidera idatz dezakezu.