Kill your idols

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Lizarralde 2017ko ots. 20a, 10:37
Peter Paul Rubens, A hero being crowned by Nike (1630-1640)

Etsaiak sortzen ditugun mekanismo berarekin sortzen ditugu heroiak ere. Etsaiak sortzeko, sinpatia gutxi diogun norbait hartu, munduko maltzurkeria krudelenen eragile izendatu, gizatasun zantzu oro ezabatu eta, hala, lasai txikitu eta akabatu dezakegu. Heroiei munduko onura eta zoriontasunen ardura egozten diegu, gizatasuna esajeratzen diegu eta, hala, ukiezin bihurtzen ditugu.

Etsaien kreazioak zenbat zulo beltzetan sartu gaituen erraza da ikusten (gerrak, genozidioak, jazarpen-egiturak…), baina heroiak sortzen gizakiok dugun abilezia ere ikaratzekoa da batzuetan. Norbait ukiezin bihurtzeak ez dakar ezer onik inoiz, batez ere bere hanka-sartze eta maltzurkeria ikusten zailtasunak izango ditugulako.

Gustu guztietako heroi eta erreferenteen adibideak daude: Kalkutako Teresa ez omen zen hain santu. Fidel Castro matxo alfa homofoboa zen. Gandhi misogino eta arrazista. Adibide gehiago nahi dituzue? Frogatu zeuek interneteko bilaketa sinple batekin. Denek dute bere alde iluna.

Goazen hurbilagora: Gipuzkoa aldean Kakux izeneko apaizak egindako sexu abusuek asaldura sortu dute ezaguna zutenengan. Nola da posible hain gizon jator eta maitagarriak halako zerbait egitea? Ba posible da, besteak beste, ukiezin bihurtu duelako komunitateak, hain zuzen ere. Kritikatu, susmatu, zalantzan jar dezakezun norbaitek askoz zailtasun handiagoak izango ditu bere doilorkeria ateratzen.

Baina kostatu egiten zaigu pertsona bat jatorra, maitagarria, abusatzailea, solidarioa, matxista, eskuzabala, manipulatzailea eta umoretsua, den-denak izan daitekeela onartzea, gauza on batek gauza txar guztiak ezabatzeko boterea izango balu bezala eta alderantziz. Epai errazak gustatzen zaizkigu, heroiak eta maltzurrak, nondik jo eta nondik ez jo erakusten dizkiguten seinale garbiak diren heinean.

Are eta hurbilagora ekarrita, denok dakigu maitasun erromantikoan bestea eta harremana bera idealizatzeak dezepzioa eta min hartzea besterik ez dakarrela. Detaile polit batek ez du bi minutu lehenago izandako tratu txarra baliogabetzen, baina idealizatzen duen burmuinak memoria selektiboa du eta ez du irudi osoa ikusten.

Konplexutasunean nabigatzea posible da ordea kritika eta miresmena bi-biak aplikatzen ditugunean. Gandhi misoginoa zelako ez da beharrezkoa bere ekarpen guztiak zaborretara botatzea. Era berean, Gandhiren ideia batzuk defendatzeak, ez dakar berekin bere kosmobisio osoa geure egitea. Eta horrela edonorekin, edozerekin. Bestela ez litzateke inor geldituko lurrean eta historian inspirazio edo ekarpen positibo minimo bat egiteko moduan.

Zalantza eta konfiantza aldizkatuz, dena eztabaidagarria, eta ez erabatekoa denean, orduan utziko ditugu heroiak eta etsaiak mito eta kondairetan, dagozkien tokian bertantxe.