Feminismoa(k): nortasun anitzak, borroka bakarra

Erabiltzailearen aurpegia Malen Aldalur Azpillaga 2015ko eka. 20a, 15:04

"Nortasun anitzak vs borroka feministak” izeneko topaketa egin zuten ostiral arratsaldean Bilboko Hika Ateneoan. Feminismoa singularretik pluralera pasa eta feminismoez hitz egiteko batu zen nortasun, jatorri, genero eta adin ezberdineko jendea. Mundu bat Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu zuen.

Helburu nagusia: Emakumeen giza eskubideen aldeko borrokak batu eta maila globaleko feminismoen arteko jarrerak hurbiltzea. Konbentzituta daude beharrezkoa dela patriarkatuaren aurka ari diren borroka ezberdinak ezagutu eta sareak sortzea.

Carmen Prego eta Silvia de Felipe, Mundu bateko kideek aurkeztu zuten topaketa eta ondoren, Giula di Carlori eman zioten hitza. Di Carlok, Olga del Castillorekin batera Iparraldeko eta hegoaldeko nortasun feministak izeneko ikerketa egiten dihardu.  Nortasun, pertzepzio, eta feminismo ezberdinetako emakumeei ahotsa ematean datza ikerketak. Bi ezaugarri nagusi azpimarratu dituzte: elkarlana eta kulturartekotasuna.

Di Carlok ondorioztatu du, feminismoari buruzko diskurtso ezberdinak daudela, nahiz eta oinarria guztietan den berbera: “kapitalismoaren eta hetero patriarkatuaren aurkako borroka”.

Emakumeak aske, herri askean

Diskurtso ezberdinak baina borroka bakarra dagoela argi geratu zen arratsaldean zehar. Hitza hartzen hurrena Fatma Mehdi, Saharako Emakumeen Batasun Nazionaleko lehendakaria izan zen. Nomada izateak nolabaiteko askatasuna ematen diela aitortu du Mehdik. "Saharan, gizonak gerran zeuden bitartean emakumeek ospitaleak, eskolak, kanpamentuak... egin zituzten", dio. Garai horietan emakumeek gidatu zuten herria, gizonak itzuli ziren arte behinik behin: “Konturatu gara gerra garaian edo une zailetan emakumeok rol garrantzitsua dugula, baina gero geure betiko lekura bidaltzen gaituzte".

Mehdiren hitzetan emakume sahararrentzat herri bat lortzea askatasuna lortzea litzateke. Horregatik, borroka politikoan ere lanean dihardute batasun nazionala lortze bidean.

Genero indarkeriari dagokionez, arazo handiak dituztela aitortzen du Mehdik, eta horren aurka lanean ari direla dio. 2003tik gaur egunera bitartean, hainbat Emakume Etxe sortu dituzte; eurena soilik izango den espazio bat eduki ahal izateko.

Olga del Castillo ikerlaria eta Brujas y Diversas elkarteko kideak, Maria Canil Guatemalako CONAVIGUA elkarteko kideak eta Bibiana Peñaranda Kolonbiako AKINA elkarteko kideak hartu zuten hitza jarraian. Kulturari begira anitzak diren nortasunak eta pertzepzioak izenpean egin zueten solasaldia. Del Castillok, aurkezpenak egin ostean Canil hasi zen.

Guatemalako bake prozesuan izandako papera izan zuen hizpide: “Diskriminazioaren eta arrazismoaren aurkako borroka defendatu genuen”.  Canilen hitzetan, emakumeek beti jasaten dute diskriminazioa, baina indigenek are gehiago.

“Gure herrian genozidio bat gertatu da”, dio Guatemaldarrak. Horren aurrean euren helburua espazioa publikoak hartzea da; emakumeak ahalduntzea. Ekonomikoki burujabeak izateko lanean ari dira, esaterako, elikagai soberania lortuz.

“Dantzak askatu egiten gaitu”

Bibiana Peñaranda Kolonbiako AKINA elkarteko kidearen ordua iritsi zen ondoren. Bere ponentzia Victoria Santa Cruzen poema musikatu batekin hasi zuen. “Emakume afroamerikarra naiz eta harro nago”. Horra hor, hitzaldia hasterako argi utzi nahi izan zituen bi ezaugarriak: “Beltz bezala aurkezten dugu geure burua, eta ez da erraza gizarte arrazista batean”. Peñarandaren ustez, beltz izate hutsak homogeneo bihurtzen zaitu gizartearen aurrean. Horrekin puskatu eta heterogeneoak direla ikusarazi nahi dute: “Gorputzak gureganatzea da helburua, emakume beltzen gorputz hiper sexualizatuekin bukatu nahi dugu”. Argi du kolonbiarrak: “Dantzak askatu egiten gaitu”.

Galderen txanda iritsi zen orduan. Kolonbiako bake prozesuaz galdetu zioten Peñarandari eta Buenaventurako (Kolonbia) egoera kontatu zuen berak: “Beldurtu egin nahi gaituzte. Buenaventurako portua hustu nahi dute euren makro proiektuak egin ahal izateko. Emakumeak bortxatzen dituzte, etxeei su ematen diete, jendea mozten dute ingurukoek oihuak entzun ditzaten…” .

Tripak uzkurtuta, testuinguru sozial eta politiko anitzetako feminismoai buruz hitzegitera pasa ziren. Kolonbiatik Palestinara egin zuten salto. Nida Abu Awwad, Union of Palestinian Women's Committee-ko (UPWC) kideak hartu zuen hitza.

Mugimendu hau Palestinako mugimendu nazionaleko parte dela argitu zuen, “ezin da gure borroka ulertu, Palestinako egoera politikoa ulertu gabe”. Hiru borroka nagusi dituzte: Israelgo kolonialismoaren aurkako borroka, klase borroka eta patriarkatuaren aurkako borroka.

Duintasunaren alde

Palestinatik Boliviara. Alicia Canaviri Boliviako Emakume Aymaren Garapen Integralerako Zentroko (CDIMA) kideak honela hasi zuen bere ponentzia: “Gizaki izateko borrokatzen dugu. Giza eskubideak errespetatuak izan daitezen borrokatzen dugu”.

Canavirik dio nahiago lukeela Cristobal Colon inoiz iritsi izan ez balitz. Haren hitzetan, Colonek ekarri baitzuen patriarkatua euren herrira. Orain, gizartean errotuegi dagoela dio.

Boliviarrak uste du, maiz emakumeak gizonaren laguntzaile huts bihurtzen direla, eta lan bera gizonek egiteak aitortza handiagoa duela oraindik ere: “Baina horren auka borrokatzen ari gara”.  Lege berriak egitea lortu dute, baina oraindik “paper hutsa” besterik ez direla dio Canavirik. “Gaur egun ezin dugu esan feministak garenik, ez dugulako horretarako denborarik”, aitortzen du. Hala ere, argi du zein den bidea: “Ekartu egin behar dugu sistema patriarkal eta matxistaren aurka”.

Hizlarien lana amaitutzat emateko, Angela Davisen feminismoari buruzko definizio bat gogoratu dute: “Feminismoa, emakumeak pertsonak garela dioen ideia erradikala da".