PANKOW

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2020ko eka. 14a, 18:27

Hilabete luze neraman Berlinen bizitzen, handik hain urrun ez dagoen Anberesen Hodei Egiluz desagertu zenean. Ia zazpi urte igaro badira ere, argi baino argiago gogoratzen dut berri horrek nigan izan zuen eragina. Etxetik urrun eta beste inor gabe egoteak dakarren bakardade sakona sentitu bainuen eta.

Atzerrira nik nahi nuelako joana nintzen. Dirua aurrezturik, edozein momentutan itzuli nintekeen etxera. Pribilegiatua izatearen ondorioa. Zer ez duten sentituko, ba,  herria uztera behartuta daudenek, gerratik ihesean munduko bideetatik dabiltzanek edo lan baldintza prekarioekin eta legeek kanpo utzi dituztenek? 

Baina arrazoia eta bihotza ez datoz bat askotan. Egoera hartan nire buruari galdetzen hasi nintzaion: zer gertatuko da gaixotu edo istripua izanez gero? Nork botako zaitu faltan? 4 milioi biztanle dituen hirian inor ez da zurekin kezkatuko. Jendez inguraturik zaude baina inoiz baino bakarrago eta isolatuago. Telefonoari eta internetari esker, Euskal Herrian utzi dituzun guraso, senide eta lagunak ,egun batzutan zure berririk ez badute, orduan konturatuko dira zerbait ondo ez dabilela. Baina bitartean, zer? Pankowko etxean, balkoian jesarrita, Hodeiren inguruko berriak irakurtzen nituen, antsietate puntu batekin, agertuko zen esperantzarekin. Agertzea behar nuen. Ez nuen 23 urteko galdakoztarra ezagutzen, baina oso indentifikaturik sentitu nintzen. Bere patua eta nirea, nolabait,  loturik baleude bezala. Eta hori ez dudala patuan inoiz sinetsi. 

Edozein kasutan, Berlingo udazken hartan ulertu nuen zein garrantzitsua den sustraiak nonbait tinko izatea eta sare afektibo indartsuak erakitzea.  Indibidualismora ziztu bizian garamatzan gizarte zoro honen kontrako bidea hartu nahi nuela erabaki nuen. Ez dut munduko puntu batetik bestera etengabe bidaiatzera behartzen nauen lanik behar; etxetik gertu egon nahi dut. Miloika biztanleko hiri erraldoiak ez daude niretzat eginak;  pertsonaren tamainako herri edo hiriak bai, ordea. dena eskura dutenak, lagunekin 20 minutuan elkartzea bermatzen dutenak. Gurasoengandik independizatzea eta zilbor hestearekin apurtzea aberasgarri eta beharrezkoa da oso, baina nik ez dut gura aita eta ama urtean behin bakarrik, eta konbentzio sozialek hala aginduta, ikusi. Haien besarkadak, hitz goxoak, haserreak eta barreak beharrezkoak ditut oso. Gauza bera lagun, ezagun eta abarrekin. 

Gurean bizi baldintza ekonomiko eta materialak ez dira Europako onenak. Hori dauka Munduko iparraldearen hegoaldean bizitzeak. Ekonomikoki gu baino hobeto dauden herrialde mordoa daude mapan gure gainean. Haien ongizate estatua primerakoa da biztanleria gehienaren beharrei erantzuten dielako. Baina ez nuke esango, orokorrean, gu baino pozago bizi direnik. Eskandinavia, Alemania edo Herbehereei buruz hitz egiterakoan eredutzat jartzen ditugu. Horrek behar luke gure helburua. Eta egia da zentzu handi batean. Baina badituzte bere alde ilunak. Oso ilunak. Aukerarik baduzue ikus ezazue “The Swedish Theory of Love” dokumentala. Niri behintzat, Berlingo Pankown, 2013an sentitu nuena ekarri zidan gogora.