COVID 19: zibilizazio krisiaren inflexio puntua

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zuluaga Mauri 2020ko api. 29a, 10:02

Abiadura bizian zihoan trena gelditu egin da. Istripu larria izan du, eta gu barruan geunden. Konortea berreskuratu orduko, salbu jarri ditugu gure gorputzak, zortedunak izan gara. Baina “Nora gindoazen?”, galdetu diogu geure buruari. Lasai, gure memoriak ez du kalterik sufritu, baina bidaiak, honezkero, zentzua galdu du guretzat.

Industria garaitik, trena asmatu zenetik eta beste hainbat asmakizun historiko sortu zirenetik, abiadura etengabe joan da handitzen eta munduak ez du inoiz ere atzera begiratu. Gaur arte.  Konfinamenduaz geroztik, dena da zalantza: Balioko ote du gertaera honek bizimodu iraunkorragoen loratzerako? Irakurri dudanaren arabera, batzuek ez dute esperantza handiegirik (gertakari isolatu gisa irakurtzeko arriskua dago beti); beste batzuek, ordea, zibilizazio krisiaren inflexio puntu hau gizarte aldaketa sakonak mamitzeko aukera egokia eta historikoa ere badela uste dugu. 

Naomi Kleinei entzun diot egunotan, pandemia global honek guztia aldatu duela. Izan ere, gure bizimodu “eroso” eta “garatua”, arrisku larrian ikusi dugu lehenbizikoz. Egoera honetan, uste dut gizakiok zer hausnartu badugula; eta asko konturatuko ziren, honezkero, ezin dugula jarraitu gehiago garapen ekonomikoaren egonkortasun promesetan sinesten. Gizakion norabidea, eta ondorioz, munduarena aldatu beharra dugu, eta biziaren aldeko apustua egin. 

Zoritxarrez, agerian geratu dira gobernuen interes politiko ekonomizistak, behintzat, arlo hauetan: zabortegien kudeaketa tamalgarrian, osasungintzaren azpiegitura eta aurrekontu eskasetan, zaintza lanen eta nekazaritzaren prekarizazioan, kultura arloan... Horrek guztiak, aurrerantzean, gizartearen presioa areagotuko du; azken finean, heriotza aurrez aurre ikusi dugunean, bizitzari zor zaion balioa eman diogu (baten batek esango du: “zenbat aldiz gertatu da hau historian? Eta hemen ezer ere ez da aldatu”). Tira, gizarte garaikideotan ezaugarri bereizgarri bat dugu: ikasketa maila altuak dituen jende kopurua inoiz baino altuagoa da, eta, gainera, saretuta dago. Soziologook esango genukeenez gizarte erreflexiboak gara. Beraz, garapenaren balio eta diskurtsoak modu sakonean aldatzeko gaitasuna dugulakoan nago. 

Bistakoa da garapen ekonomikoan arreta osoa jartzea oso ikuskera murritza dela. Ikuspegi horrek dituen gabeziak konpontzeko orain arteko proposamenek (Garapen Jasangarria, ekonomia berdea, etab.), beharbada, jasangarritasun eza murrizteko balioko dute, ez, ordea, bizimodu iraunkorrak sortzeko. Bada garaia onartzeko zibilizazio eredu zaharretik berri baterako trantsizioa bizitzen ari garena. 

Orain arte, ez da egon betiko iraun duen gobernurik ez antolaketa eredurik ere, eta badirudi geuri dagokigula oraingoan izakien etorkizunari buruz hausnartzea, baina... Nola eraikiko dugu etorkizun iraunkor bat? Horretarako, modernizazio aurreko garaietara eta ia-ia historiaurrera jo beharko genuke, hau da, gizakia naturarekin harreman harmonikoan bizi zeneko garaietara. Lasai, ez izutu! Horrek ez du esan nahi biluzik edo argindarrik gabe bizi beharko dugunik, baizik eta gizakia arrazoiaren bidez ingurunearekiko independentea zela baieztatzen hasi ziren gizon zientzialari, pentsalari eta intelektualak izan zirela gizateriaren dekadentziaren sorburu. Ordutik, amalurra erausketarako baliabide soil gisa ikusi izan dugu, eta pentsamolde arrotz horrek jokabide eta jarrera suntsitzaileak izatera eraman gaitu. 

Baina badago beste ondorio larri bat ere, gehienontzat ikusezina dena. Bizitzaren zentzua asaldatu dugu; hau da,  espiritualtasunari, emozioei eta sentimenduei garrantzia kendu diegu eta bigarren mailan utzi ditugu, arrazoizko munduak zerbaiten gainean gailendu behar duelako (hori du berezko ezaugarri). Horren ondorio zuzenak dira XXI. mendeko gizakion zentzu falta, bakardadea, eta bere deribatu kliniko guztiak. Beraz, proiektu modernistak espiritualtasuna kentzeaz gain, gizakion zentzu eta esanahien mundua hustu egin zuen. 

Hala ere, oreka bilatzeko garaiz gaude; dualismo antagonikoen arteko oreka: emozioak, arrazoiaren pare jarri; subjektibotasuna objektibotasunaz lagundu; garatu eta ez-garatuen arteko banaketa hautsi; tokian tokikoa eta globala uztartu... Azken finean, gizaki eredu berri bat sortu behar dugu. Thomas Berry ekologo estatu batuarrak, zentzu berean, gizatasuna berrasmatu behar dugula dio, eta Yayo Herrero ekofeminista ezagunak hausnarketarako bidea ematen digu: ez al da aukera ederra zentzu komunak saretzen joateko?

Laburbilduz. Inflexio puntu honetan, iraunkortasunaren diskurtsoak ezerezean geratu baino, inoizko garrantzirik handiena hartu du, eta muturreko egoera hau, mundu mailan, sekulako irakasbidea izaten ari da gizaki guztiontzat.