Berandu baino lehen

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zuluaga Mauri 2020ko urr. 26a, 16:12

Hauxe, garaikideok, egin beharreko galderatxoa: Mundu berri bat sortzeko gai izango ote gara edo katastroferako bidea ereiten jarraituko dugu?

Zelako marroia, hori ere guri tokatu behar zitzaigun. 90. hamarkadako gazteoi inork ez zigun esan zelako mundura etorri ginen: geure langabezia Europako altuenetakoa izango zenik, geure ibai eta itsasoak kutsatuenetakoak izango zirenik, geure basoetako (horrelakorik geratzen baldin bada) dibertsitatearen galera handiena biziko genuenik, ezta etxebizitza erostea ezinezkoa izango zitzaigunik ere... Eta orain mundu berri bat asmatu behar dugula dioskue. Gizarte kapitalistaren kolapsoa bizitzea tokatu omen zaigu. Errealitate “zaharraren” amaiera dela, eta horrelakoak entzun behar. 

Errealitate berri bat zerotik sortzea? Benetan? 

Albora ditzagun gizaki progre eta modernoen konplexuak eta onar dezagun, behingoz, bide bakarra geratzen zaigula: iraganera begirada bota eta honezkero (ondo) egindakoa errekuperatzea. Ez gaitezen ezeren sortzaile sentitu. Gaizki egindakoaz jabetzen denean ume harroak burua makurtzen duen moduan,  guk ere, berandu baino lehen, halaxe egitea komeni.