Gure bazterrak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zuluaga Mauri 2021ko mar. 16a, 09:26

Euskal Herrian mugimendu feministak eta antiarrazistak bat egin dute, eta horren erakusle ditugu, besteak beste, M8ko aldarri anitzak. Nik, M8 honetan, maite dut maite Euskal Herrian geure baitako txokoak arakatzen hasiak garela ikustea. Agian, prozesu horrek ez du izan manifestazioaren ikusgarritasuna, baina, kualitatiboki oso garrantzitsua izango da.

Gure baitara begiratzeak, ditugun beldurrak identifikatu eta uxatzeak, bestelako agertoki batera eramango gaituelakoan nago, lanbroa desagertzen doanean eta mendiak agertzen direnean bezala. Auzoan ariketa pertsonal zein politiko horri eusteko, “gure pribilegioak birpentsatuz” tailerra antolatu zuen talde feministak eta besteren artean, hainbat ideia agertu ziren: hasieran, gure itxura fisiko zuriak eguneroko bizitzan, zein bizitza proiektatzerako orduan, pertsona arrazializatuek baino aukera hobeak genituela ondorioztatu genuen. Baina, horrek ez zigun uzten aurrera egiten, izan ere, biolentzia horiek gure gorputzetan ez sentitzeak enpatia lanketa handiagoa eskatzen du. Eta era berean, gure bizimodu “erosoa” produzitu duten zutabeak zalantzan jartzea esan nahi du, harremantzeko moduak eraldatzea, gure ikuspegia zabaltzea, gure ohiturak eta usteak aldatzea, bestea guaren barruan sentitzea... azken finean, afektuen iraultza batez ari gara, eta normala denez, beldurrak azaleratzen ari dira: gure identitatea galduko dugu? Eta txarto egiten badut? Eta euskera bigarren mailan geratzen bada? ...

Askotan esan dugu, baina oraingoan ere, gogoratzea komeni zaigu: beldurra galtzen dugunean, orduan bakarrik hasiko gara ezkutukoa... geure baitan pizten diren aukera miresgarriak ikusten.