Aitzaki maitzaki

Bakoitzak bere begi propioak ditu eta denok ñabardura propios ikusten dugu ikusten dugun guztia. Baina gizakiaren dohaina da ñabardurak ñabardura helburu nagusiak lortzeko elkartzea.

Aspalditik daukagu euskaldunok gure artean marra gorri guztiak gainditzen dituen arazo larria gure preso politikoekin: ez naiz hasiko hemen tinta lodia erabiltzen inor konbentzitu asmoz: berez da aski larria egoera ikusi nahi duenak ikusteko: oso gaixo dauden presoak, zigorraren 3/4ak beteak dituztenak, 80 urte dituzten lagunak, eta hori guztia etxetik urrutien dauden espetxeetan inolako bermerik gabeko tratua jasoz. Europa osoan nekez aurkituko dugu mendeku hutsez egindako espetxe politika horren inhumanoa.

Gaur berriro Bilboko kaleak jendez beteko dira haiek E.Herrira ekartzeko eskaria gure isiltasun ozenaz eskatu asmoz. Ez dut uste lelo horrek han bilduko garen guztiok berdin pentsatzera behartzen gaituenik. Aski da egoera basati horrekin ados ez egotea eta behingoz beste ñabardurak ordu pare batez gure sotoan uztea. Benetan uste dut eska daitekeen gauza dela.

Halere gaurko agerraldiaren aurrean  zenbait erakundek gatza botatzen aritu direla joandako egunetan horren zauri gorrian. Aitzaki maitzaki ez direla Bilbon egongo justifikatu nahirik. Eta ez naiz ari erakunde marjinaletaz edo filofaszistetaz: gure herrian lehen mailan dauden erakundeak dira. Batek hala esan du: ados gaude agerraldi horren helburuarekin baina ez dugu han egoteko asmorik, izan ere helburu bat jartzen da eta gero beste batzuk oihukatzen dira. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak arrazoi hobeak ekarri behar lituzke bere burua  zuritzeko. Beste batek hala esan du  han egongo ez direla adierazteko: agerraldi hori ezker abertzalearen manifa bat da. Berak badaki protagonismoaren birusak agian indar gehiago duela  hori dioenaren etxean ezker abertzalean baino. Norbait presoen arazoa partiduen lehiatik ateratzen saiatu  bada, ezker abertzalea izan da, ez da protagonista izatera  bildu lehen ere. Begiratu besterikez dago . Oraingoan bertan herri plataforma batek hartu du, Sarek, Bilboko agerraldiaren  ardura. Eta gainera ez nuke esango protagonismoa, lana eta erantzukizuna baita. Eta PSEko idazkari nagusia ere ez da han egongo. Honek ez dauka aitzakitan ibili beharrik- ibili den bezala-; izan ere presoen tratu txar, sakabanatze eta arbitrarietaten guztietan babes osoa eman du: batzuetan PSOE agintean zegoela eta bestetzuetan PP zegoela.

Nolanahi dela ere, oinarrizko giza baloreez ari gara. Herri batek horrelako egoera urteak joan eta urteak etorri  isilik jasaten uzten duenean, ez goaz aurrera, basapiztien eremuan gabiltza. Eta ez nuke amaitu nahi gauzatxo bat  gehitu gabe: bada trumoia bezala entzuten den isiltasun bat: elizaren arduradunena. Izan ere norbait baldin bada  giza eskubideak, gizakiaren errespetua eta antzeko balioak propioak bezala ikusten dituen erakundea eliza da. Ez dago ezer esan beharrik. Lehen ere ohituta gauzka.