Hitzetatik ekintzetara: Partzuergoko Haurreskoletan finantziazio gehiago orain

STEE-EILAS eta LAB sindikatuetako kideok azken asteetan bilkurak burutu ditugu Legebiltzarreko alderdi politiko desberdinekin (PP, EAJ, EH BILDU eta PSOErekin hain zuzen ere). Bilera hauetan talde politiko guztiek Haurreskolak Partzuergoak gizarterako dituen onurak eta zerbitzuaren kalitatea azpimarratu digute.

 

Denak bat datoz neurri batzuk hartu behar direla egun bizi dugun egoerari irtenbide emateko (Haurreskolen hedapena, kuotak berraztertzea, beka sistema egokitzea...).

Gaur, Ekainaren 16an, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordea biltzen da eta bertan EH Bilduk aurkeztutako Haurreskolen inguruko legezko proposamena eztabaidatuko da. Talde parlamentario guztiek osoko zuzenketak egin dituzte, bertan sistemaren finantzazioaz ekarpenak egiten dituztelarik.

STEE-EILAS eta LAB sindikatuon ustez, neurriak hartu behar dira, hitzetatik ekintzetara pasatuz. Cristina Uriartek, maiatzaren 14an, Hezkuntza Batzordean esandako hitzak zehaztu eta gauzatu behar ditu. Hemen elkartu garen Sindikatuok neurri horiek aplikatu ahal izateko Haurreskolak Partzuergoko finantzazioa handitzea ezinbestekoa da. Beraz, Haurreskolak Partzuergoa kalitatekoa, publikoa, doakoa, unibertsala, euskalduna eta laikoa izateko hartu beharreko neurriak martxan jartzea eskatzen diegu Legebiltzarreko talde politiko guztiei.