Bilboko Ernaiko emakumeek* kanpaina bat abiatu dute hiriko publizitate sexistaren kontra

“Bilboko kaleetan hainbat alditan ikusi izan ditugu emakumeon* duintasunaren kontra doazen iragarkiak. Honek genero rolak indartu, emakumeon gorputzen sexualizazioa bultzatu eta presio handia eragiten du kanon zurrun horietan sartu ezin diren neska* gazteongan”, adierazi dute.

Euskal Herriko anorexia kasuen %90a neskek* pairatzen dutela azaldu dute eta hau jasaten dutenen adina 9 urtera aurreratu dela. Honen guztiaren erantzuletzat jo dituzte, besteak beste, iragarki sexistak. Emakumeen* duintasunaren kontra doazen iragarkiak direla azaldu dute eta sistemak ezarritako "kanonetan" sartu ezin diren gorputzen gaineko presioa eragiteaz gain, genero rolak indartzen dituztela, emakumeen* gorputzen sexualizazioa bultzatzen dutela. 

Bilboko kaleetan iragarki sexistak egoteak erantzule argiak dituela azaldu dute Ernaiko gazteek: “Udaletxeak alfonbra gorria jartzen die neska* gazteon bizitzak prekarizatzen dituzten enpresari handiei, azaleko mezu feministekin ahoa betetzen duten bitartean: berdintasuna sustatzen duela, berdintasun planak dituela…” Udalari espazio pribatuei dagokienean, enpresekin hitz egiteko eta marra gorriak jartzeko eskatu diote eta espazio publikoetan, berriz, publizitate sexista “zuzenean kentzea”: 

Sinadura bilketa

Bilboko Ernaiko Emakumeek* sinadura bilketa bat ere abiatu dute eta 200 sinadura lortzeko helburua jarri dute.