Gaur egun, edonon ageri zaigu futbola, kaleko elkarrizketetan zein hedabideetako albisteetan. Dirutza izugarria mugitzen du eta, kirola baino, ikuskizun mediatikoa dela esan daiteke. Rayco Sanchezek, ordea, balio positiboak transmititzeko gaitasuna ikusten dio futbolari. Kirol horren botere eraldatzailea erakusten duten hainbat istorio batu eta Taupaka elkartearen bidez argitaratu ditu, Opio Errebeldea izenburupean.
“Futbola bozgorailu erraldoi bat da”, dio Sanchezek, “jokalari batek kausa baten aldeko mezua zabaltzen badu, sekulako oihartzuna du horrek”. Horregatik, uste du futbola denbora-pasa den neurri berean dela tresna eraldatzailea. Liburuaren azalean, Opio errebeldea izenburuaren azpian, “Futbola, iraultza eta gizarte aldaketa” leloa dago, barruko orrialdeetan aurkituko dugunaren aurrerapen gisa.
Umetatik gustuko izan du futbola Rayco Sanchezek, “pasioa” da berarentzat. Idaztea ere atsegin du, adierazkortasuna lantzen laguntzen diolako. Rap estiloko musika idazten hasi zen, eta hala egin zuen plazarako jauzia: urte askoan Norte Apache taldeko kideetako bat izan da. Ondoren, Argia aldizkariarekin lankidetzan, futbolaren inguruko istorio bitxiak idazten hasi zen blog batean. Opio errebeldea liburura ekarri ditu haietako batzuk; beste batzuk libururako propio idatziak dira.
Guztira, 40 istorio labur sartu ditu Sanchezek liburuan. Izar handiak eta futbolari ezezagunak daude tartean, baina gauza batek batzen ditu denak: futbola bitarteko dela, besteei laguntzeko, ahotsik ez dutenen egoera salatzeko edo gizartea hobetzeko keinuak egin dituzte. Futbol zelaiari minbiziak hildako zale baten izena jarri dion kluba, kurduen aurkako sarraskiak salatzeagatik arriskuan den jokalaria, zaleek egindako aldarrikapenak... “futbolak politikariek baino eragin handiagoa du gizartean”, dio Rayco Sanchezek.
Atal guztiak euskaraz idatzita daude, azken hamarrak izan ezik. Gaztelaniazko horietan, Argentinara egindako bidaian bildutakoak aurkeztu ditu Sanchezek. “Bidaia espiritual baten modukoa izan zen, uste dut hemen baino istorio gehiago daudela Argentinan, gizartea, politika eta futbola lotzen dituztenak”. Batez ere, villa izeneko auzo baztertuetan ikusitakoak hunkitu du autorea. “Mapetan begiratu eta agertu ere ez dira egiten Villa 31 eta halakoak. Gero, hara joan eta ikusten duzu milaka pertsona bizi direla, prekarietate hutsean”, azaldu du. Hain zuzen ere, gizarteratze lanean futbola tresna eraginkorra da villa horietan.
Iraultzaren koloreak
Liburuaren diseinua Dacil Sanchezek, Raycoren arrebak, egin du. “Sekulako lana da, arrebak nik adina ordu eman ditu honetan”. Diseinuak nortasuna ematen diola dio Rayco Sanchezek: “Alde bisualetik desberdina da liburua, freskotasuna du eta koloreak ere ondo aukeratuta daude, gorria eta beltza iraultzaren koloreak baitira”. Hitzaurrea, bestalde, Beñat Zarrabeitia kazetariak idatzi du.
Rayco Sanchez pozik dago liburuak izan duen harrerarekin, bigarren edizioa atera behar izan baitute. Taupakaren bidez argitaratu da Opio errebeldea, autorea elkarte horren baloreekin bat datorrelako. “Mota askotako sortzaileak batzen gara eta gure ideia da herritik sortutakoa herriarentzat izatea, bitartekaririk gabeko autokudeaketa da Taupakarena”, azaldu du.
Aurrerantzean ere futbolarekin lotutako istorio bitxiak aurkitzen eta blogean idazten segitu nahi du Sanchezek, baina lasaitasunez hartu nahi du zeregin hori. Norte Apache taldea une honetan geldirik dagoen arren, euskarazko raparen inguruko beste proiektu batzuei ekitea da bere asmoa. Izan ere, “modu errazean komunikatzeko askatasuna” ematen dio rapak. “2004an hasi ginen euskal rapa egiten eta korrontearen kontra ibiltzera ohitu gara”, dio.
Hala, buruan darabil euskarazko raparen historia batuko duen dokumentala egitea. Patrol Destroyers eta 121 Krew taldeetan aritutako Eneko Axperekin batera dabil ideia hori garatu nahian. “Historia hori kontatu egin behar dela uste dugu, eta guk barrutik ezagutzen dugu”, azaldu du Sanchezek. Raparen gisako estiloei lekua egiteko orduan euskal kultura ez dela batere abangoardista salatu du. Euskarazko raparen berezitasuna nabarmendu du: “Musika minoritarioa da hemen, hizkuntza minoritario batean egina”. Dokumentalaren ezaugarriak zehazten ari dira, eta garbi daukate Taupakarekin plazaratuko dutela.
Testua: Dabi Piedra
Argazkiak: Gorka Zulueta eta Beñat Zarrabeitia
Azalaren diseinua: Dacil Sanchez