Martxoak 8

Noemi Amaya: "Ezinbestekoa da gure borrokak EHko mugimendu feministaren borrokarekin batera txertatzea"

Nerea Cubillo Urkizu 2021ko mar. 6a, 14:45

M8ko azken lanak lotzen harrapatu ditugu Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko Noemi eta Trinidad. Ijitoen aurkako arrazakeriari ezetz esaten dion pankarta batekin aterako dira kalera astelehenean, baita asteburuan Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak Hendaian antolatu duen manifestaziora ere. Arrazakeria du ardatz aurten emakume langileen nazioarteko egunak Euskal Herrian. 

Bilboko Otxarkoaga auzoan dago kokatuta AMUGE elkartearen egoitza. Noemi Amaya Garciak, elkarteko hezitzaileak, erantzun ditu martxoaren 8aren gainean egindako galderak. 

Zein da AMUGEren helburua?

AMUGEren helburu nagusia da gure herriaren eskubideak eta garapen integrala defendatzea eta sustatzea, oro har, eta, bereziki, emakume ijitoen arreta, sustapena eta ahalduntzea, gure esentzia etniko-kulturala galdu gabe.

Noiz jaio zen?

Ijito eta ijito ez diren emakumeen talde batek urratsa egitea erabaki eta elkartea sortu zuen 2003ko uztailean. Denborak aurrera egin ahala, zuzendaritza batzordearen protagonismoa eta ahotsa emakume ijitoek ordezkatu dute soilik, emakume ijitoen beharrak geure ahots propioen bitartez zabaldu behar direla uste baitugu.

Zein behar identifikatu zenituzten?

Emakume ijitoekin, emakume ijitoentzako eta emakume ijitoen ikuspegitik lan egiteko beharrei erantzuteko sortu zen AMUGE. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan emakume ijitoek gidatzen zuten lehen elkartea izan zen. Geure buruari jarri genion lehen erronketako bat neskak hezkuntza-sisteman sartzea izan zen eta ikasle ijitoen abstentzioa nolabait lantzea. Gero, gure helburuak handituz joan ziren.

Zergatik hainbeste garrantzi hezkuntzari?

Eskola-porrotaren tasa bost aldiz handiagoa da ikasle ijitoen kasuan. Eten digitala, baliabide teknologiko eza eta kasu batzuetan irakasleen konpromiso falta ijito familiek, seme alabek ikasturtearekin jarraitzeko aurki ditzaketen zailtasunak ere badira.

Hezkuntza alde batera utzita, emakume ijitoen egoera nolakoa da EAEn?

Emakume ijitook diskriminazio hirukoitza pairatzen dugu: emakume izateagatik, ijito izateagatik eta kasu honetan prestakuntza maila baxua izateagatik. Orokorrean, prekarietateak eta pobreziak nabarmendutako egoera da. Adibidez, emakume ijitook biztanleria orokorrak eta gizon ijitoek baino 20 urte gutxiagoko bizi-itxaropena dugula dio Euskal Ijito Herriaren Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako II. planak.

Horrez gain, ijitoen familien %43a muturreko pobreziaren mugan bizi da Euskadin eta hiru familietatik bik ezin dituzte oinarrizko beharrak asetu.  

Eta egoera horrek bere ondorioak ere ekarriko ditu.

Noski, intersekzionalitate hori ijitoen batez besteko bizi-itxaropenean islatzen da, 20 urte gutxiagokoa delako. Emakumeen kasuan, gainera, okerrera doa. Ikerketa fidagarririk edo eguneraturik ez egon arren, argi dago ijitoek eta, bereziki, emakume ijitook bizi-itxaropen txikiagoa, osasun okerragoa eta bizi-baldintza eskasagoak ditugula.

Zer lan mota nagusitzen dira emakume ijitoen artean?

Emakume gehienek bezala, etxean eta etxetik kanpo lan egiten dugu. Ijito herriaren etorreraren inguruko dokumentuek diote emakume ijitoak pertsona kaskarinak garela. Gaztelako emakumeek etxean lan egiten zuten eta, paperek diotenez, guk oihalak, sukaldeko saskiak edo gure eskuetan geratzen zen edozein gauza saltzen genituen. Egia esan gaur egun irudi hori daukagu oraindik. 

Eta zein da errealitatea?

Emakume otzanak eta etxekoandre ezjakinak garela uste den arren, emakume ijitoak egunero ateratzen gara gure familientzako sostengu bila, eta gizonak bezala azoka txikietan lan egiten dugu. Hala ere, XXI. mendeko emakume ijitook estereotipoak hausten ari gara, gazteen aurrerapenaren, hezkuntzaren eta berdintasunaren alde apustu eginez.

Nolako eragina izan du pandemiak ijitoen egoeran?

Lehengo egoera bazen larria, orain okerrera besterik ez du egin. Pandemiak okertu egin ditu sistemak jada urratzen dituen familia ijitoen egoerak, eta gure gizartean nagusi diren desberdinkeri sozioekonomiko larriak agerian utzi ditu. Horren ondorioz, familiek oinarrizko elikadura asetzeko zailtasunak dituzte.

Gainera, merkatu txikiak eta ijito gehienek lan egiten duten merkataritza-jarduerak itxi egin dira eta berriro irekitzeko zailtasunak ez dira gutxi izan. Kasu batzuetan ez dira autonomoak besteetan ezin izan dute euren lana telematiko egin eta horrek nabarmen murriztu ditu familien diru-sarrerak hilean.

Zerekin egiten duzue topo lana bilatzerako orduan?

Ijitoen aurkako arrazakeria da emakumeok esparru guztietan dugun zailtasunetako bat, baita lan egiteko edo etxebizitza bat alokatzerakoan ere. Guretzat lana aurkitzea nahiko zaila da. Lan-elkarrizketa batean ijitoak garela ikusten dutenean harritu egiten dira. Askotan emakumeek beren nortasuna ezkutatzea erabakitzen dute, ez dituztela kontratatuko edo kaleratuak izateko beldurrez.

Eta etxebizitza topatzeko? 

Etxebizitzari dagokionez, askotan arazoak izaten ditugu jabeek ijito familiei ez dietelako etxebizitza alokatu edo saldu nahi, uste dutelako ez dugula ordainduko edota familia gatazkatsuak izango garela. Ijito ez diren pertsonekin ez da horrelakorik gertatzen, ordea.

Zein da emakume ijitoen helburua gaur egun emakumeen borrokari dagokionez?

Ezinbestekoa da gure borrokak Euskal Herriko mugimendu feministaren borrokan txertatzea, aniztasunetik abiatuta mundu bidezkoagoa eta berdinzalea elkarrekin eraikitzeko. 

Zein da AMUGEk martxoaren 8rako duen irakurketa?

Aurten arrazakeriaren aurkako borroka ardatz nagusia izatea aintzat hartu dugu, baina, oraindik asko falta da elkarrekin egiteko eta eraikitzeko.

Ze paper jokatuko du AMUGEk martxoaren 8an?

Dagoeneko jokatu du. Azken urteetan gogotsu parte hartu dugu M8ko antolakuntzan, emakume ijitoei ikusgarritasuna eman eta gureak diren espazioak aldarrikatu ditugu. Iaz Tamara Claveria elkarteko lehendakaria izan zen azaroaren 25eko arduradunetako bat. Gainera, aurten, arrazakeriaren aurkako borroka ardatz hartuta, lantalde guztietan parte hartu dugu, eta komunikatua idazten lagundu dugu.