"Auzoa sustatzen eta hobetzen jarraitzeko beharrezko balioa"

uriola.eus 2016ko mai. 18a, 09:00

Uribarriko Gure Etxea auzo elkarteak bere 50. urtemuga ospatuko du aurtengoan. Hori dela eta, “data esanguratsu hau behar den moduan gogoratzeko helburuarekin” hainbat ekimen prestatu ditu.

Lehena, gaur, asteazkena, hilak 18, 19:00etan, Kastañoseko udaltegian izango da. 'Gure Etxea Auzo Elkartearen 50 urteko historia' izeneko hitzaldia, 70. hamarkadan elkarteak grabatutako dokumentalaren proiekzioa eta aldarrikapen ezberdinen irudien emanaldia eskainiko du. Ekainean ibaitik itsasontsi ibilaldia antolatu du eta urrian Uribarriko kaleetatik ibilaldia, “auzoko aldarrikapen eta lorpen nagusien errepasoa eginez”.

Bilboko auzo elkarterik zaharrena da Uribarriko Gure Etxea. 1966ko martxoan erregistratu zen. Bost hilabetera erregistratu zen Errekaldekoa. Mende erdia pasata, bazkide asko mantentzen ditu Gure Etxeak. 1990etik elkarteko arduradun lanetan dabilen Karlos Ruizen arabera, 763 bazkidetik gora ditu egun. Horietako asko "historikoki lotuta daude elkartearekin". Denek kuota ordaintzen ez duten arren. 

Gure Etxeak aktibo eusten dio eguneroko lanari. 20 dinamika ditu martxan gaur egun. Artxandako birsorkuntza dela, funikularraren erdi bideko geralekua dela edota umeen jolas gunerako estalia dela. "Euria ari duenerako ziburu estaliak ez dituen Bilboko auzo bakarra da gurea", dio Karlosek. Hurrengo urteko aurrekontuetan Udalak lan hori bere gain hartzeko eskaria egin du jada elkarteak. Mende erdiaren ostean, "auzoa sustatzen eta hobetzen jarraitzeko beharrezko balioa baita gure bezalako hiritarren mugimendua".  

Hurrengo ekimenak

Ekainak 4, 12:30ean, Uribitarte kaian: 'Ibaitik itsasontzi ibilaldia'. Sarrerak mugatuak direnez izena eman gureetxea.auzoelkartea@gmail.com edo asteazkenetan 19:30etatik aurrera Tauko 27 solairuartean. 

Urria: 'Auzoko kaleetatik ibilaldia, auzoko aldarrikapen eta lorpen nagusien errepasoa eginez'.  

Informazio gehiago:
https://gureetxeaauzoelkartea.wordpress.com/2016/05/14/celebrando-el-50-aniversario-de-gure-etxea-gure-etxea-50-urtemuga-ospatzen