Indarkeria sexista

Gizon bat atzeman dute Zorrotzako sexu erasoarekin lotuta

uriola.eus 2015ko urr. 27a, 09:41

Zorrotza.info agerkariak jakitera eman duenez, 2.000 lagun inguru bildu ziren atzo arratsaldean auzoan, ostiraleko eraso sexista errefusatzeko. Ordu batzuk lehenago, Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen erasoarekin lotura zuelakoan.

"Erasorik ez erantzunik gabe" lelopean, milaka lagunek Zorrotzako Azoka parkea eta Landa gunea bezala ezagutzen dena, ostiralean erasoa gertatu zen lekua, batu zituzten martxa baten bidez atzo arratsaldean. Protestan bertan jakin zuten arratsaldeko 17:30ak aldera, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuela Bilbon erasoarekin lotura zuelakoan. Ustezko erasotzaileak bortxaz lapurretak egiteagatik aurrekari penalak omen ditu baina azken 9 urtetan ez dute atxilotu.

Erasoa ostiral goizaldean izan zen, 06:00ak aldera, 50 urteko emakumea bere txakurra paseatzera irten zenean. Zorrotza Bizirik auzoko taldeen koordinakundeak azaldutakoaren arabera, gizonak lapurreta egin eta emakumea bortxatzen ahalegindu zen. Honek aurre hartu zion eta erasotzaileak gogor jipoitu zuen.

Oihuak entzutean, alboko anbulantzien aparkalekuko langileak emakumea laguntzera hurbildu eta gizonak alde egin zuen. Emakumea Gurutzetara eraman zuten eta bertan, ospitaleak dagokion protokoloa martxan jarrita, Ertzaintzak salaketa jaso eta ikerketa abiatu zuen. 

 

Hiri Debekatuaren Mapan ageri zen gunea

Bilboko Udalak erasoaren kalea, 2011tik, "gutxienez", puntu beltz bezala identifikatua dauka. Orain dela bost urte egindako Hiri Debekatuaren, Mapan Renferen geltokia eta, zehazki, Hermogenes kalea gune beltz bezala identifikatu zituzten. Leku bi horietako segurtasun ezari "ez zaio irtenbiderik eman", EH Bildu koalizioko Alba Fatuartek gaur adierazi duenez.

Orain dela hiru urte, 2012an, EH Bilduk Hiri Debekatuaren Mapa burutzeko plangintza bat eskatu zuen. Mapa horren ondorioak oinarri bezala hartuta, neurriak eta horiek aplikatzeko egutegia zehaztea eskatu zuen. "Urte horretako martxoan egindako Udalbatzarrean EAJk eta PPk ezetz esan zuten. Haien aitzakia aurrekontu gutxi zegoela izan zen, nahiz eta hartu beharreko neurri askorentzat diru gutxi jarri behar: ispiluak, lorezaintza lanak, argiztapen ordutegia luzatzea, etab", salatu du Alba Fatuarte zinegotziak.

Hori dela eta, EH Bilduren ustez arazoak "ez dauka aurrekontuekin zerikusirik". Lehentasun kontua da. "Badirudi, beraz, indarkeria matxista ez dela Udalarentzat lehentasun bat".

 

[2015-10-26] Elkarretaratzea deitu dute Zorrotzan ostiraleko erasoa salatzeko