"Despacito" erritmoarekin gogaituta, 'F egunean', trenbidea lurperatuko dute zorrotzarrek

uriola.eus 2017ko mai. 5a, 09:30

Argazkia: Zorrotzako Taldeen Koodinadora

Jai eta aldarrikapen eguna izango da bihar, maiatzak 6, Zorrotzan. 'F eguna' izendatu dute, FEVEren logotipoa erabilita, auzotarrek FEVEren trenbidea eta geltokia, sinbolikoki bada ere, lurperatuko duten eguna. 

Bogan dagoen Despacito abestia modaltu dute Zorrotzako musika taldeek 'F egunerako' beren-beregi. Zorrotzako trenbidearen lurperatzea "astiro, oso astiro" doala salatzea dute xede. Abestiaren neurriari eutsiz, gazteleraz eta euskaraz moldatu dute letra auzoko elkarteek horrela eskatuta. Izan ere, Zorrotzako Taldeen Koodinadoraren nahia da "auzoa astintzea", eta larunbateko 'F eguna' beste askoren lehen urratsa izatea: "Ez dugu geldi egotea nahi, tentsioa mantendu nahi dugu auzoan, erakunde guztiak adi egoteko eta Zorrotzan trenbidea eta geltokia lurperatzeko dauden aukera guztiak aprobetxatzeko". 

"Auzotarrak bildu" eta "jaia eta aldarrikapena uztartuko" dituzte maiatzaren 6an ekimen ezberdinen bitartez. Geltoki aurrean, besteak beste, umeentzako jolasak eta horma-irudi erraldoi bat egingo dituzte eta Despacito abesti moldatuaren lipduba grabatuko dute. Egunotan auzotarrak entseatzen ari dira lipduberako. Elkarretaratze bat ere antolatu du Zorrotzako Taldeen Koodinadorak "irakurketa serioago bat egiteko". 

Alderdiak hitzetatik ekintzetara

Koodinadorako hiru lagun egon berri dira Gasteizko Legebiltzarrean. EAJrekin ezik, "ezinezkoa izan zelako", gainerako alderdi politiko guztiek babestu zuten auzotarrek aurkeztutako Zorrotzan trenbidea lurperatzeko eskaria. Alderdiek adierazi zietenez, "denbora kontua da" lurperatzea, "dirua, egon badagoelako". Espainiako Gobernuaren 2017ko aurrekontuetan aurreikusita dauden 200.000 euroko partidaz ari dira. Txosten informatibo batera bideratuko den diruaz. "Gutxi da", koordinadorako kideen aburuz. Gainera, auzotarrak ez dira fio, 2016ko aurrekontuetan partida bera zegoelako, "eta ez zelako txostena osatu". Horregatik, alderdiei "borondate eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko" eskatu diete, "legez besteko proposamena aurkez dezatela" lurperatzea errealitate izateko. 

Auzotarrek trenbidearen luperatzearekin ez dute nahikoa. "Geltokia auzoan mantentzea" nahi dute eta Zorrotzako goiko aldean dagoen Zazpilanda auzoa Zorrotzako erdigunearekin lotuko duen obra oso bat gauzatzea.