Gure Esku Dago: Indautxu eta Eliptika plazak lotuko dituzte gaur

uriola.eus 2014ko mai. 30a, 08:41
50.000 herritarrek konpromisoa hartu dute erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katearekin. Durango eta Iruñea ekainaren 8an lotzeko beste lagun batu ditu jada Gure Esku Dago ekimen herritarrak, kilometroko 400 bat pertsona. Azken txanpa honetan, gaur iluntzean, Bilbo erdiguneko bi plaza lotzeko deia zabaldu diete hiritarrei.

Ezarritako erronka lortzeko beharrezko den jende multzoak izena emana du ekainaren 8an 12:00etatik 12:30etara Durango eta Iruñea arteko 123 kilometroetako batean parte hartzeko. Hamar egunen faltan Gure Esku Dago ekimenak ziurtatuta du giza kate luzea osatzeko euskal herritarren babesa.

Bilbotarrek, esaterako, 123 kilometroetatik 10 kilometro betetzeko ardura dute. Horretarako, 4.000 bilbotarren konpromisoa lortzeko, banaka-banaka mezua zabaltzen jardun da boluntario talde zabala. Eta ahoz ahokoaren bidez, 4.000ko muga ganditzea lortu dute.

Deustun bikoiztu egin dute beharrezko zuten kopurua. Helburutzat finkatutako 400 pertsonako muga erraz lortu dute. Guztira 805 lagun izango dira 12 autobusetan Lazkaora bertaratuko direnak.

Kristoren patxada

"Arduratuta" dago Alex Arregi Deustuko lantaldeko koordinatzailea. "800 pertsona mobilizatzeak, Lazkaora eraman eta ekarri egiteak, ardura ematen du", diosku. Ardura baina, bizkor alboratzen du, ekimenak zuen helburuaren lorpena aipatzean. "Kristoren patxada" sentitu du gaur Gure Esku Dagoko nazio arduradunen datuak entzun dituenean. Une horretan, Deustun hainbat pertsonak egindako lanaz oroitu da: "Oso pozik nago, hain jende anitza banaka konbentzitzea, komunikabide izan gabe, itzela da. Balio gehigarria ematen dio horrek".

Indautxun, gaur, hitzordua

Beste auzo askotan bezala, Indautxun ere ekainaren 8ko giza kateari bultzada emango diote. Horretarako, gaur, maiatzak 30 ostirala, Ercilla kaletik hasi eta Indautxuko plaza eta plaza Eliptikoa batuko dituen giza katean egingo dute, 20:30ean.

Informazioa eta antolaketa

50.000 pertsona baino gehiago, 700 autobus eta milaka autotan, antolatzea da une honetan giza kateko arduradunen kezka nagusia. Informazioa eta gomendioak emateko 2.500 boluntario prest izango dira. Nor bere kilometrora arazo gabe heltzeko aholkua, honakoa: herriz herri eta auzoz auzo antolatutako autobusetan joan-etorria egitea.

Ekainaren 8ko giza katea ahalik eta ondoen gauzatzeko gida hemen