Ikasteko leku falta dela eta, Herri Liburutegia egingo dute bihar Indautxuko gazteek

uriola.eus 2017ko mai. 13a, 13:24

Alhondegian ikasteko ilara. Arg: @PatxiBengoa

Liburutegietako ordutegiak zabaltzea, plaza gehiago irekitzea eta ekipamenduak hobetzea eskatzen dute Indautxuko Gazte Asanbladako kideek. Auzoko gazteen “behar konpartituak” direla iritzita, “aliantzak sortu” nahi dituzte ikasleen artean, haien beharrak euren kabuz asetzeko.

Azterketa garaian Udal Liburutegietan lekua aurkitzeko komeriak izan ohi dituzte ikasleek. Ordutegi murritza eta ikasle baino askoz plaza gutxiago egoteak ilara luzeak eragiten ditu goizero liburutegietako sarreretan, eta horrek gazteen arteko “liskarrak eta lehiakortasun giroa” eragiten dituela salatu dute Indautxuko Gazte Asanbladako (INGA) kideek.

Egoera horri aurre egiteko kanpaina jarri zuten martxan joan den lauhilekoan. Besteak beste, change.org webgunean sinadura bilketa hasi zuten Udalari irtenbideak exijitzeko eta arazoa gizartean ikusarazteko. Lauhileko honetan, unibertsitateko ikasleen azterketa garaia iritsita, Herri Liburutegia martxan jartzea erabaki dute. Igande honetan, maiatzak 14, goizeko 11:00etatik aurrera Alondegiako sarreran mahaiak, aulkiak eta elektrizitatea jarriko dituzte lekurik gabe geratzen diren ikasleentzat.

Ekimenaren helburu nagusia “hezkuntza sisteman inposatutako lehiakortasunaren aurrean aliantzak sortzea” eta “gure beharrak gure kabuz asetzea” dela adierazi dute INGAko gazteek.

Udalak proba pilotua

Bilboko Udalak 2015-2019 Gobernu Planean aurreikusitako ikerketa argitaratu zuen atzo, non Bolonia Plana indarrean jartzeak gazteengan eragin dituen premia berriak aztertzen diren. Era presentzialean eta digitalean egindako inkestetan jasotako behar nagusiak unibertsitateko azterketa garaietan eta oposaketak daudenean ekipamendua handitzea, ikasgelen ordutegia zabaltzea eta taldean lan egin edo ikasteko gela gehiago jartzea izan dira.

Azterlanaren ondorioak ikertuta, Udalak 2017-2018 ikasturtean proba pilotu bat egingo duela adierazi du. Azterketa garaietan ikasgela bat gauez zabalik mantentzeko asmoa dute, txartela elektronikoaren bitartez erabili ahalko dena.

Hala ere, Indautxuko Gazte Asanbladako kideek txostenean argitaratutako hainbat datu gezurtatu dituzte. Besteak beste salatu dute espazio falta ez dela soilik asteburu batzuetako arazo puntuala, kurtso osoan zehar pairatzen dutena baizik, eta Udalak ikasturte honetan gauez irekitzeko asmoa duen gela ez dela 24 orduz zabalik egongo, baizik eta 01:30ak arte baino ez.

Horregatik, “ikasleon arteko mesfidantzak alde batera uzteko” eta egoerari aurre egiteko “indarrak batzeko” deia zabaldu dute, bihar Herri Liburutegian elkartzeko gonbitea luzatuz.