Jangelak borrokan

uriola.eus 2024ko eka. 19a, 13:49

Argazkia: Lan Harremanen Kontseiluaren aurreko agerraldia, gaur goizean (ELA)

Kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmena negoziatzeko eskatu dute langileek Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuak Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean bildu dira gaur, kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmenaren negoziazioan patronala izaten ari den jarrera salatzeko. Negoziazioa hasi zenetik, enpresek gastu ekonomikorik ekarriko lizkieten planteamendurik onartuko ez zutela azaldu zuten argi eta garbi eta, azken bileran, zenbait proposamen sozialei ezezko borobila eman zieten, lizentziei, besteak beste, eta estatutuan jasota daudenak eguneratu besterik ez zutela egingo azaldu zuten.

Sindikatuek diru publikoa jasotzen duten enpresek langileen lan-baldintzak ez hobetzea gaitzeztu dute. Bestalde, egoera hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saliak eskola publikoetako jangelak kudeatzeko gaur egungo ereduaren emaitza dela azaldu dute, “pribatizazioa eta pribatizazio gehiago”.