"Mundutik eta guretik" Europa aztergai izango duten jardunaldiak abiatuko dira martxoaren 27an

uriola.eus 2014ko mar. 18a, 09:01

GITE-IPESek Europa “Mundutik eta Geuretik” ikusi eta ikasteko jardunaldi elebidunak antolatu ditu martxoaren 27tik apirilaren 5era. Gazteleraz bi hitzaldi eskainiko dituzte Zirikan! eta euskarazko beste bi mahai inguru La Bolsa Auzo Etxean.

Europako hauteskundeen harira, Europak eta Europar Batasunak jendartean sortzen duten “jakinmina asetu eta hausnarketa bideratzeko” asmoz, “Europa Erronka Mundutik eta Geuretik” jardunaldiak eskainiko ditu GITE-IPESek. Azaldu dutenez, egun bizi dugun krisi ekonomikoaren testuinguruan, “Europar Batasunaren oraina eta geroaren gaineko zalantza” piztu da gizartean eta “Europaren geroarekin, Troikaren dinamizazioarekin edota erreskateekin egiten dugu topo besteak beste, tokiko irakurketa ekonomiko eta politikoetan”.

Gauzak horrela, GITE-IPESeko lagunek argi daukate Europar Batasunaren ibilbidearen gaineko “ezezagutza handi bat” identifikatzen dugula, “alde batetik termino inperialistetan garatu duen estrategiaz, eta barnera begira bestetik, Europako herrien arteko harremanak nola garatu diren eta konbergentzia europarrarekin zer estrategia garatu izan den”.

Bestalde, gogora ekarri dute, egoera honetan, jendartea bozetara deitua izango dela maiatzean eta honen gaineko kezka agerian geratu da “alderdien kanpainetan nahasturik, ez baitirudi herritarrak egoeraz jabetu eta erabaki kontzienteak hartzeko erreztasunik izango dutenik”.

GITE-IPESek europarekiko jakinmina asetzeko eta aurrerabide posibleak hausnartzeko, herritarrei formazioa ahalbidetzea bilatzen du. Horretarako, instituzioetatik, sindikalgintzatik eta herri mugimendutik dituzten aurrerabideez baliatuko dira.

Eskaintza formatibo bat egiteaz gain, jardunaldi hauek euskararen erabilera indartzera bideratuko dituzte. Horrela, bi hitzaldi gazteleraz badira ere, bestebi mahai inguruak euskaraz egingo dituzte “euskarari merezi duen lekua emanez”.

Iñaki Gil De San Vicentek “La evolución del marco territorial europeo al servicio del capital” hitzaldiarekin irekiko ditu jardunaldiak martxoaren 27an, 19:00etan, Zirikan!. Hilaren 29an, 10:00etan, La Bolsa Auzo Etxean, Txente Rendok, Joseba Felix Tobarrek eta Unai Vazquezek “Europa Munduan” mahai ingurua bideratuko dute. Apirilaren 3an, Nekane Juradok bigarren hitzaldia emango du 19:00etan, Zirikan! “Mujeres y pobreza ante Europa” izenburupean. Jardunaldiekin bukatzeko, apirilaren 5ean, 10:00etan, Karmelo Landak, Xabier Lasak eta Esti Redondok “Europa Euskal Herrian” gaia aztergai izango dute mahai inguruan.