Karta sozialaren balioa indartzeko mobilizazio nazionala deitu dute

uriola.eus 2014ko aza. 19a, 12:56

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan parte hartu duen lantaldeak adostu ditu hurrengo urratsak: "sentsibilizazioa, atxikimendua eta mobilizazioa", hain zuzen ere. "Kontraboterearen benetako ispilua adierazteko eta Kartaren balio politiko eta soziala indartzeko" 2015eko martxoaren 14an mobilizazio nazionalean parte hartzeko deia zabaldu dute.

Egoera sozio-ekonomiko "jasanezina iraultzeko" eta "hausnarketa kolektiboa egiteko" elkartu ziren iaz 1.200 pertsona eta 155 eragile lehen fase batean. Auzo eta herrietan buruturiko 155 prozesuetan eginiko diagnostiko eta ekarpenekink idatzi zuten joan den ekainean aurkeztutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta. Gaur, Karta horren edukiak eta balio sozial eta politikoa zabaldu, barneratu eta ezartzeko urratsen berri eman dute Kartako partaideek "orain sei urte baino okerrago gaudelako egun".

Herriz herri eta eskualdez eskualde Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta aurkeztuko dute urtarrilera bitartean. Hori da joan den urrian euskal mugimendu sozio-sindikalak adostutako urratsetako bat. Kartari tokian tokiko atxikimendua ematea du helburu ekimenak. "Zabaldu egin nahi dugu Karta", adierazi du gaurko prentsa agerraldian Ana Perezek, "sentsibilizazio fasea abiaraziz" bai norbanakoen bai prozesuan parte hartu duten 155 eragileren artean.

Kartaren erreferentzia politika eremura ere zabalduko dute. Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta aldundiei helaraziko diete, eta "babesa eskatuko diegu", aurreratu du Ana Perez bozeramaleak. "Gobernu jardueran eragitea" lortu nahi dute.

Ildo horretan, 2015eko martxoaren 14rako "mobilizazio nazionala" deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako Koordinazio Nazionalak. Kalean islatu nahi dute lortutako atxikimendua eta Kartaren balio politiko eta soziala. "Egungo eredu sozialak ez digu balio eta mobilizazio nazionalarekin eredu sozial alternatiboa aldarrikatuko dugu". Ana Perezek zehaztu duenez aurrerago emango dituzte ekimenaren lekuaren eta formatuaren berri gehiago.

10, 100, 1.000 Alternatiba

Bigarren ekimen baten berri ere eman dute gaur Koordinazio Nazionaleko kideek. 2015eko urriaren 24an burutuko den "Alternatiba", alegia. Iaz Baionan antolatutako Alternatiben herrixkan du jatorria. Bertan, 2014 eta 2015ean Europan zehar "10, 100, 1.000 Alternatiba sortzeko" deialdia egin zen, eta Bilboko hitzordua horietako bat izango da.

"Alternatibaren helburua da aldaketa klimatikoaren arloan mobilizazio maila indartsua sortzea, herritar presioa inportantea izan dadin COP-21ean, 2015eko bukaeran Parisen, Nazio Batuen Erakundeak klimari buruz antolatuko duen goi bileran". Aldaketa klimatikoaren aurkako planteamenduak, Ana Perezen hitzetan, "bere baitan daramatza eredu berriak" eta Euskal Herritik "ekarpen polita" egin daiteke.

Koordinazio Nazionala

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako Asanblada Nazionalak joan den urriko bileran Koordinazio Nazional bat sortzea ere adostu zuen. Koordinazio Nazionala 12 kidek osatzen dute -sei ordezkari mugimendu sozialetatik eta beste sei sindikalgintzatik-. "Asanblada Nazionalak erabakitzeko plangintza aurrera eramatea eta unean uneko aldarrikapen garapena eta erantzun dinamika artikulatzea" izango dira bere zereginak. Genero, adin eta herrialdeen artean "oreka" mantentzen ahalegindu dira 12 kideak aukeratzerakoan.