Igor Yebrak 'Pipi Bailarina' taularatuko du Arriaga Antzokian

uriola.eus 2014ko abe. 11a, 14:00

Igor Yebrak eta Oxana Kucherukek, euren arte eta ekintzailetza izpiritua erakutsiko dute berriro ere, txikiei zein nagusiei zuzendutako lan bikain honekin. Abenduaren 26an, 27an eta 28an Arriaga Antzokian ikusgai izango da. 

Pipi arima zintzoa duen neskatoa da, alaia, irekia, beti dantza egiteko eta jolasteko gogoa duena. Oso gazte zela galdu zuen ama, baina ama beti dago berarekin, maitagarri babesle gisa, bera eta bere aita laguntzeko beti.  Adiskideek asko miretsi eta maite dute Pipi, baina beste guztiek begi txarrez ikusten dute, helduek batez ere, eurekin iskanbila batean baino gehiagotan sartzen baita, bere diziplina falta eta ezarritako kanonen aurrean duen errespetu eza direla eta.

Arriaga Antzokiak, Igor Yebra bilbotarrak eta Oxana Kucheruk ukrainarrak sortutako Pipi Bailarina balet berriaren erabateko estreinaldia jaso eta ekoiztuko du Ametsa Producciones Artísticas etxearekin batera. Dantzari bi hauek Europako garrantzitsuenetakoak dira, eta gaur egun Bordeleko Operako izar nagusiak dira. Eurekin batera, Igor Yebraren eskolako 40 dantzarik hartuko dute parte. 

Pipi Bailarina oso lan dinamikoa da; kolorez betea, eta dantzaren eta musikaren bitartez, adiskidetasuna, errespetua edo askatasuna bezalako balio garrantzitsuak azpimarratzen ditu. Balet horrek fantasiaz eta emozioz betetako mundura eramango ditu ikus-entzuleak, Georgii Kovtunek sortutako koreografia dotorean dantzariek egiten duten lan bikainari esker. Georgii Kovtunek Errusiako antzoki hoberenetan egin du lan, eta 2009an, San Petersburgoko Mikhailowsky antzokirako egindako Espartaco baletaren ekoizpen lan berria sortu zuen, adibide esanguratsua aipatzeagatik. Kovtun 2011n ere aritu zen Igor Yebrarekin eta Oxana Kucherukekin, Armen dream lanean.

Ostiralean, abenduaren 26an, emanaldia arratsaldeko 20:00etan hasiko da, larunbatean, 27an, bi emanaldi eskainiko dira, 17:00etan eta 20:00etan, eta, amaitzeko, igandean, 28an, azken aldiz eszenaratuko da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.