Iker Hernandez Errondabideko sukaldaria 07:05etik 12:30ak arte Guardia Zibilaren miaketaren lekuko izan zen urtarrilaren 12an. Lau ordu "oso astun" horietan bizitakoa azaldu du gaur prentsaurrean Alde Zaharreko hainbat auzotarrek babestuta.
Gelaz gela egin zuten miaketa eta aurkitutako diru guztia eraman zuten. Bulegoan 14.000 euroko kutxa aurkitu zuten. "Asteko kutxa", Ikerren arabera. Asteburu jendetsuaren ostean, ohi baino diru gehiago zegoen. Tabernako dirua zela esan arren agenteei, alperrik izan zen, ez zioten jaramonik egin. Ikerren arabera, Sarek urtarrilaren 10ean deitutako manifestazioan jasotako dirua zelakoan zegoen Guardia Zibila. "Ezetz esaten nien nik, langileen soldata eta hornitzaileei ordaintzeko dirua zela hori, baina froga modura dena eraman zuten".
Langileen objektu pertsonalak giltzatutako takilak apurtuz eraman zituzten. Gehiago ere: ordenagailua, kamisetak, txiskeroak, imanak, egutegiak, presoen argazkiak, liburuak... Barra miatzean "zuzenean jo zuten kaxoi zehatz batera, auzotarrek tabernan uzten dituzten notak, liburuak eta abar egoten diren kaxoia miatzera. Zer norentzat zegoen miatu zuten, eta dena eraman zuten".
Ikerrek argiro azaldu du: "Lapurreta sufritu dugu". "Guardia Zibilaren laupurreta, eta langile autonomo batzuei egin diete lapurreta". Ondorioz, "aste honetan ezingo dugu ez kobratu ez hornitzaileei ordaindu".
Kendutako guztia berreskuratzeko auzibidera joko dute. Miaketa agindu zuen Auzitegi Nazionaleko 6. aretora. Errondabideko langileen abokatuak egin du jada "den-dena berreskuratzeko eskaria.
Neurri gabeko okupazioa
Errondabideko miaketa eta lapurreta ez ezik, Alde Zaharreko Kattalin auzotarrak urtarrilaren 12an Guardia Zibilak Ronda kalean egin zuen "neurri gabeko okupazioa" salatu du gaurko agerraldian. "Goiz osoa" alde batean zein bestean itxita izan zuten kalea. Atxuriko eskolara zihoazen ume eta gurasoek ezin izan zuten pasa, ezta anbulategira joan behar zutenek ere. 12:30ak arte "erabat blokeatuta" izan zuen Ronda Guardia Zibilak.